Igerileku aurreko parkea kentzen hasiko dira bihar
2026/11/25
Igerileku aurreko jolastoki zaharrari agur esateko garaia iritsi da. Bihar hasiko dira parkea kentzen, handiagoa izango den parke berriari lekua egiteko. Aurreikuspenen arabera, behin jolaserako elementu zaharrak kendu ostean, abenduaren 9aren bueltan hasiko dira parke berria jartzen.
Azpeitiko Udalak, udaberrian, handitu egin zuen igerileku aurreko estalkia, estalitako eremua ia bikoiztuz. Hala, haurrek eta familiek jolaserako eta egoteko gune zabalagoa dute, baita eguraldi txarra egiten duenean ere. Alabaina eremu berriari ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz, jolastokia ere berrituko du orain udalak.
14 urte arteko umeentzat izango da parke berria, eta hainbat jolas elementu izango ditu: txirristak, sokak, ping-pong mahaia… Horrela, igerileku aurreko eremua aisialdirako gune erakargarriagoa bihurtuko da.
