Era askotara jolasteko aukera eskaintzen duen jolastoki berritua
2026/01/28
Ikastetxean bertan ikasleekin egindako parte-hartze prozesuren emaitzak kontuan hartuz diseinatu du udalak jolastokia. Bi eremu nagusi ditu; alde batetik, kirol jardueretarako eremua, eta, bestetik, eremu mistoa, jolas libre eta tradizionalerako pentsatua. Era horretan, ahalik eta ikasle gehienen beharrak asetu nahi izan dira.
Belar artifizialezko zorua duen kirol kantxa, hormigoizko kirol kantxa, jauziak egiteko elastikoa, jolas librerako eremu laua, ping-pong mahaiak, baratza, txirristak, egurrezko mahaiak eta jolaserako beste hainbat elementu biltzen ditu jolastokiak. Horrez gain, eremua birnaturalizatzeko ahalegina egin da, landarediaren bidez.
600.000 euro inguruko aurrekontua izan dute lanek, eta finantzaketaren %60 Eusko Jaurlaritzaren Udaleraiki programatik lortu du udalak.
Aurten, estalkia eta komun berriak
Bigarren fase bat ere izango dute Perdillegiko jolastokiko obrek. Aurtengo aurrekontuetan, 110.000 euro gorde ditu udalak, estalki bat egiteko, euri egunetan ere jolaserako espazio zabalagoa izan dezaten umeek. Horrez gain, Izarraizpe ikastolako Haurren Hezkuntzako eraikinean (Euskal Herria auzoa) komunak aldatuko ditu.
Gogoratu behar da, Azpeitian, udalak ikastetxeekin duen hitzarmen bati esker, ikastetxeetako jolastokiak irekita egoten direla edonorentzat eskolaz kanpoko orduetan ere, asteburuetan barne.
