Erniopeko lehen rallysprinta jokatuko dute larunbatean
2026/04/22
“Aspaldiko ametsa” betez, Ardatz Motorsport elkarteak Erniopeko lehen rallysprinta antolatu du. Larunbat honetan izango da, apirilak 25, 10:00etan hasita. Laguntzaileetako bat da Azpeitiko Udala, eta atzo Errezilen egindako aurkezpenean izan zen Ander Larrañaga zinegotzia.
Larunbatean, 10:00etan hasiko da proba. Lehen bi tramoak Azpeititik gora egingo dira. Ondoren, ibilgailu guztiak Bidania-Goiatzen elkartuko dira, eta azken bi tramoak handik behera egingo dituzte. 46 partaide izango dira lehen edizioan, eta eskualdeko gidariek ordezkaritza zabala izango dute.
Rallysprintaren bezperan, ostiralean, Perez Arregi plazan egingo dituzte egiaztapenak, 17:00etatik aurrera. Gauez, Iraurgi ikastetxean (Betharram) egongo dira aparkatuta. Larunbatean, sari banaketa ere Perez Arregi plazan izango da.
Proba ikustera joango direnei segurtasun arauak betetzeko, errespetuz jokatzeko eta ingurumena zaintzeko eskatu diete antolatzaileek.
Probak irauten duen bitartean Azpeitia eta Errezil arteko errepidea itxita egongo denez, autobus zerbitzuan ere aldaketak izango dira. Irurenako geltokia bertan behera geratuko da Azpeitian, baita Errezilgo eta Bidegoiango plazako geltokiak ere. Urrakitik ibiliko dira autobusak.
