Euskal Antzerki Topaketak iragartzeko kartel posibleak, ikusgai
2026/06/10Oraindik hilabete batzuk falta dira 44. Euskal Antzerki Topaketak hasteko, baina antolakuntza lanak aspaldi hasita daude. Hala, hurrengo urratsa topaketak iragarriko dituen kartela aukeratzea izango da.
Lanak aurkezteko epean, hogei proposamen jaso zituen udalak, eta Betharrameko erakusketa aretoan daude ikusgai horietatik hemeretzi. Astelehenean ireki zuten erakusketa, eta ekainaren 14a izango du azken eguna. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara egoten da zabalik, eta asteburuan, 12:00etatik 14:00etara.
Kartelak ikusteko aukera ez ezik, botoa emateko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Aurtengo lehiaketak berrikuntza nagusi bat ekarri du. Lehen aldiz, sortzaileek beren lanak modu digitalean aurkezteko aukera izan dute. Orain arte nahitaezkoa zen kartelaren ale fisiko bat udaletxera eramatea. Izapidea erraztu izanari esker, lan gehiago aurkeztu dira.
