Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Kultura

Euskal antzerkigintzaren erakusleiho  bihurtuko da Azpeitia azaroan

2025/10/14
Urriaren 31n hasiko da Euskal Antzerki Topaketen 43. edizioa Azpeitian, ‘Nor naizen baneki’ antzezlanarekin, eta azaroaren 23ra arte, hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izango da.
Euskal antzerkigintzaren erakusleiho  bihurtuko da Azpeitia azaroan

Gaur egin dute Euskal Antzerki Topaketen aurkezpena, Dinamoa sormen gunean, eta han izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Leire Sarasua Kultura batzordeburua, Garazi Lazkano Kulturaz Kooperatibako kidea, Erika Olaizola Kaka antzezlanaren sortzaile eta aktoreak eta Eñaut Gorbea Zurrunka Teatroako kidea.

Topaketen garrantzia nabarmendu du Nagore Alkorta alkateak. “Euskara hutsez egiten diren topaketa bakarretakoak dira. Antzerki talde amateur zein profesionalek eta helduek zein haurrek hartzen dute parte. Esan daiteke, beraz, ezinbestekoak direla euskal antzerkigintza indartzeko eta euskara bultzatzeko”. 

Zertzelada nagusiak

Leire Sarasua Kultura batzordeburuak eman ditu aurtengo egitarauaren xehetasun nagusiak. Urriaren 31n hasiko dira topaketak, ikasleekin egingo den saio batekin, eta azaroaren 23ra arte, hamahiru antzezlan ikusteko aukera izango da. Horiei eskola antzerkiaren programaren barruan eskainiko diren beste dozena bat antzezlan gehitu behar zaizkie. Topaketen azken egunean, Ikusleen Saria banatuko dute.

Soreasun izango dira emanaldi gehienak, baina ostegunetakoak, formatu txikiagoan, Dinamoa sormen gunean eskainiko dituzte. Horrez gain, kalera ere aterako dira topaketak, emanaldi bana izango delako Sanagustin kulturgunean eta plazan.

Urte osoko lana

Ia hilabete batez Azpeitia euskal antzerkigintzaren erakusleiho bihurtuko den arren, urte osoan antzerkiaren bueltan herrian egiten den lana ere azpimarratu dute. Kulturaz kooperatibak eskaintzen dituen sormen bekak dira horren adibideetako bat. “Sormen prozesuak ahalik eta modu osoenean babestea dugu helburu, eta sormen egoitzak burutzeko eskura ditugun bitarteko guztiak eskaintzen dizkiegu konpainiei”, esan du Garazi Lazkano Kulturazeko kideak.

Hauek izan dira aurten sormen egoitzak burutu dituzten konpainiak: Artedrama eta Axut! (Nor naizen baneki); Infinitu drama (Adarbakarra) eta Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala (Kaka). Topaketetan ikusi ahal izango dira lan horiek guztiak; eta, horrez gain, mediazio saioak ere eskaini dituzte: urriaren 31n, ikastetxeetako ikasleekin Axut! eta Artedramako kideek, eta azaroaren 20an, udal euskaltegiko ikasleekin Olaizolak eta Agirrezabalak.

Topaketak ixteko, ‘Kaka’

Gaurko aurkezpenean izan dira azken horiek. Kaka proiektuarekin, AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka jaso zuten (Azpeitiko Udalaren laguntza ere bai ondoren), eta estreinatu eta egun gutxira iritsiko da obra Azpeitira. “Inork kakarik egiten ez duen mundu batean, eta kaka existitzen ez den mundu batean, herri bateko plazan kaka mokordo bat agertuko da. Thriller-komedia da bat da, eta pixkanaka joango gara deskubritzen zergatik ez den kakarik egiten, zer gertatu den”, azaldu dute. 

Bi aktoreak beste antzezlan batean ere ariko dira topaketetan: azaroaren 2an, Kamikaz kolektiboaren Renata lanean hain zuzen. “Komedia ganberro bat da, eta lau aktorek 36 pertsonaia antzezten ditugu ordu eta hogei minutuan”.

Gaztetxoengana gerturatzeko ahalegina

Gaztetxoengana iristeko ere ahalegin berezia egiten da Euskal Antzerki Topaketetan. Azaroaren 10eko astean, gaztetxoek antzeztutako hamabi antzezlan taulatuko dituzte; tartean izango dira Azpeitiko taldeak ere, 65 gaztetxok lantzen baitute antzerkia astez aste. 

Gazteentzako eskaintzarekin jarraituz, azaroaren 14an, familientzako tailer bat eskainiko du Zurrunka teatroak, eta hurrengo egunean, Gure kanoa lana eskainiko du konpainia horrek berak. Era berean, itzalen tailerrak eskainiko dizkie eskola umeei. 

Eñaut Gorbeak eman ditu hiru eskaintza horiei buruzko xehetasunak. “Gure kanoa familia guztiarentzako txotxongilo ikuskizun bat da. Piratei buruzko ikuskizun bat dela esaten dut nik, baina gaur egungo piratei buruzkoa: herri aberatsek normalean Hegoaldeko herrialdeei egiten dizkiegun lapurretei buruzkoa”. Abba da obrako protagonista nagusia, Senegalgo arrantzale batean jaio eta bere egoera aldatzeko asmoz bidaia bati ekiten dion pertsonaia. 

Familiekin egingo den tailerra Dinamoan izango da, eta itzalen zenbait teknika landuko dituzte. Eskola umeekin ere gauza bera egingo dute, eta paisaiak landuko dituzte. Ikastetxeetatik joango dira Betharrameko erakusketa aretora.

Sarrerak, jada eskuragai

Sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai antzerki topaketen webgunean (www.antzerkitopaketak.eus), 10 euro balioko du helduentzako sarrerak, eta haurrenak 5 euro. Dinamoko eta Sanagustineko emanaldien prezioa 8 euro izango da. Kultur bonuarekin, doakoak dira emanaldiak. Itzalen tailerra ere doakoa izango da, baina gonbidapenak hartu behar dira topaketen webgunean.

Euskal Antzerki Topaketen 43. ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratu da, eta Jose Angel Ligerok (Alfaro, Espainia) egin du.

Euskal Antzerki Topaketen liburuxka