Machine translation

Euskal Herria auzoak berdegune berria du

2026/10/14
165.000 euroko inbertsioa egin du udalak; berdegunea sortzeaz gain, bidegorrirako lotura ere hobetu du.
Euskal Herria auzoak berdegune berria du

Azpeitiko Udalak amaitu ditu Euskal Herria auzoko 49 eta 13 zenbakidun etxeen arteko eremua eraldatzeko lanak. Izarraizpe haurreskolaren ondoan, 2.000 metro karratu inguruko gunean, berdegune berri bat sortu du, auzoari espazio naturalago eta atseginago bat eskaintzeko.

165.500 euroko aurrekontua izan du proiektuak. Berdegune berrian, herritarrek atseden hartzeko eserlekuak ere jarri ditu udalak, gerizpean. Hala, bero handiko egunetan, aterpe-klimatiko funtzioa ere izango du eremuak.

Proiektuaren beste ardatzetako bat oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzea izan da. Euskal Herria auzotik Azpeitia eta Azkoitia lotzen dituen bidegorrira jaisteko aldapa zabaldu egin da, eta irisgarri bihurtu, bai oinezkoentzat, bai bizikletentzat. 

Esku-hartzeak Izarraizpe haurreskolaren inguruan ere izan du eragina. Berdegune zabalagoa du orain, eta haurrek kanpoan jolasteko aukera gehiago izango dute.

Euskal Herria auzoko berdegunea Azpeitiko Udala espazio publikoak hobetzeko eta herrian berdegune atseginagoak sortzeko egiten ari den ahaleginaren barruan kokatzen da.