Machine translation

Euskal Herria auzoan berdegune bat sortzeko lanak hasi ditu udalak

2026/05/26
Azpeitiko Udalak Euskal Herria auzoko eremu zabal bat eraldatzeko proiektuari ekin dio. 49 eta 13 zenbakidun etxeen arteko gunea, hau da, Izarraizpe haurreskolaren ondoko eremua, berdegune bihurtuko du. Hala, naturak presentzia handiagoa duen gune berri bat irabaziko du auzoak. 165.500 euroko aurrekontua du proiektuak, eta hiruzpalau hilabeteko iraupena izango dute lanek.
Euskal Herria auzoan berdegune bat sortzeko lanak hasi ditu udalak

“Txukundu bat eman nahi genion eremu horri. Ikusten genuen Euskal Herria auzoan asfaltoak presentzia handia duela, eta berdegune berri honekin, auzoan arnasgune berri bat edo eremu atsegin bat sortzea izan da gure helburua”, esan du Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak.

2.000 metro karratu inguru hartzen ditu udalak eraldatuko duen eremuak. Esku hartzearen ostean, berdegune bat izango da nagusiki, baina eserleku batzuk jartzeko asmoa ere badu udalak. “Aterpe klimatikoen gaiak gero eta garrantzi handiagoa du herrietan. Eremu honetan ere, bero handiko egunetan gerizpean egoteko aukera eskainiko diegu herritarrei”.

Berdegune bat sortzearekin batera, irisgarritasuna hobetzea da proiektuaren beste ardatz nagusia

Amenabarrek azaldu duenez, irisgarritasuna hobetzea da proiektu honen beste helburuetako bat. “Oinezkoentzako bide bat badago Euskal Herria auzotik, Izarraizpe haurreskola ondotik, bidegorrira jaisteko, baina ez ditu irisgarritasun baldintzak betetzen. Orain, lotura puntu hau zabaldu eta irisgarri egingo dugu, oinezkoentzat nahiz bizikletentzat erosoago eta seguruago izateko”.

Izarraizpe haurreskolak berak ere berdegune propio handiagoa izango du obra hauek amaitzen direnean; era berean, umeekin jolasera ateratzeko ere eremu ederragoa izango du inguruan.