- Kultura
Eusko Gudarosteari buruzko informaziorik esanguratsuena, liburuxka batean
2025/09/19
Azpeitiko Udalak memoriaren egun du izendatua irailaren 19a, eta data horren bueltan, hainbat ekitaldi antolatu ohi ditu urtero. Aurten, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Eusko Gudarostea 1936 liburuxka argitaratu du.
2023ko apiriletik ikusgai dago Eusko Gudarostearen oroimenerako gune museografikoa, Loiolan. Asko eta asko izaten dira egunero interesez hari begira geratzen direnak, eta eskaintza osatzera dator liburuxka. Loiolako turismo bulegoan hartu ahal izango dituzte liburuxkak herritarrek nahiz bisitariek, eta Basazabal jauregiko turismo bulegoan ere egongo dira ale batzuk.
1936ko abuztuan, Loiolan bildu ziren lehen aldiz euskal miliziak, Candido Saseta buru zutela, kolpisten aurkako euskal erresistentzia osatzeko. Liburuxkak Eusko Gudarostearen sorrera, protagonistak, gerra frontearen bilakaera eta lekurik esanguratsuenak azaltzen ditu. Lau hizkuntzatan dago: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.
Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak bi urterako hitzarmena sinatu berri dute. Hitzarmen horren barruan adostutako proiektuetako bat da Eusko Gudarosteari buruzko liburuxka hau.
Datorren astean, mahai ingurua
Oroimen historikoari lotuta, irailaren 25ean (osteguna) ere egitarau zabala izango da herrian. 17:30ean, Angel Otaegi oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo du udalak. Udalbatzak onartutako adierazpena irakurri, eta harrera egingo diete Otaegiren senideei.
Ondoren, 18:00etan, Askatasun haizea Txiki eta Otaegi. Frankismoaren azken fusilatuak liburua aurkeztuko du Javi Bucesek, Azoka Plazako aretoan, liburuaren hitzaurrea egin duen Maialen Arteagarekin eta Ane Eslava Txalapartako editorearekin batera.
Amaitzeko, 18:30ean, udalak eta Aranzadik antolatuta, mahai inguru batean parte hartuko dute Mikel Paredes eta Metxe Urtuzaga Txiki eta Otaegiren senideek eta Miguel Castells abokatutak. Javi Buces Aranzadiko historialariak gidatuko du saioa.
