Frankismoak errepresaliatutako emakumeen memoria ikusgai gaurtik aurrera
2026/09/14
Gaur eguerdian egin dute Frankismoak errepresaliatutako emakumeak. Gipuzkoako kasua erakusketaren aurkezpena Nagore Alkorta alkateak, Leire Sarasua Kultura batzordeburuak eta Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak. Oroimen Historiakoaren Egunaren harira antolatutako egitasmoa da.
Nagore Alkorta alkateak azaldu dutenez, historiaren eta memoria historikoaren lanketan gizonezkoen bizipenek izan dute sarritan protagonismo nagusia, eta horrek emakumeen esperientziak bigarren mailan uztea ekarri du. “Iruditzen zaigu erakundeok ere saiatu behar dugula historiaren kontakizunean emakumeek bizi izan duten ikusezintasunari aurre egiten, eta horren adibide da gaur aurkeztera gatozen erakusketa hau”.
Javi Buces Aranzadiko historialariak eman ditu erakusketaren gaineko xehetasunak. Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urte elkarlanean prestatutako erakusketa da Azpeitira iritsi berri dena, eta Ione Zuloaga Aranzadiko ikerlariak egindako ikerketa batean du abiapuntua. “Badu garrantzia liburu hark, Euskal Herrian, lehen aldiz egin baitzen probintzia mailako ikerketa bat emakumeenganako errepresioa ikertzeko. Liburu hartako edukiak hartu eta moldatu, eta erakusketa batean bildu dugu zer errepresio sufritu zuten emakumeek”. Liburuak 1945era arteko epea aztertu bazuen ere, jarraipen bat ere egiten da erakusketan, eta frankismoa bukatu arteko epea ageri da.
Hain zuzen, lau atal nagusi ditu Azpeitiko erakusketak. Lehenik eta behin, bi mundu gerren arteko testuinguru historikoa kontatzen da, emakumeek lortu dituzten eskubide eta askatasunak aipatuz. Ondoren, frankismoko hiru garai ezberdinetan (1936-1945, 1945-1960 eta 1960-1975) emakumeen bizi izandako errepresioa kontatzen da, hainbat elementuren (bideoak, lekukotzak...) laguntzarekin.
Aranzadirekin elkarlana
Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak urteak daramatzate memoria historikoaren inguruan elkarlanean. 2013an abiatu zuten lankidetza, eta ordutik hainbat proiektu garatu dituzte: besteak beste, lekukotzak jaso, liburuak argitaratu eta erakusketak zein hitzaldiak antolatu dituzte.
Gaur zabalduko den erakusketa irailaren 19ko Oroimen Historikoaren Egunaren harira antolatu dute, eta bi erakundeen urteetako elkarlanaren barruan kokatzen da. Udalaren arabera, memoria historikoaren inguruko ikerketan eta dibulgazioan sakontzen jarraitzea ezinbestekoa da egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean aurrera egiteko.
Bi bisita gidatu
Erakusketa gaurtik irailaren 27ra egongo da zabalik, Foru Pasealekuko erakusketa aretoan, ohiko ordutegian: astegunetan, 10:00etatik 12:00etara, eta asteburuetan, 18:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, bi bisita gidatu antolatu dituzte. Irailaren 17an, 17:00etan, eta irailaren 24an, 18:00etan izango dira, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek gidatuko dituzte. Bisita gidatuetan parte hartzeko, komenigarria da aurrez izena ematea.
