Gaur hasi dira Garmendiko parke berria jartzen
2026/05/11Egun gutxi barru, jolas parke berri batez gozatzeko aukera izango dute herriko umeek. Garmendi auzoko bizilagunen eskaerari erantzunez, jolaserako elementuak jarriko ditu udalak 7 eta 12 zenbakidun etxebizitzen arteko eremuan. Gaur egun dagoen ping-pong mahaia mantendu egingo da.
12 urtera arteko umeei egokitutako jolas parkea izango da Garmendikoa. 60 metro karratu inguruko espazioa hartuko du; besteak beste, bi txirrista txiki, habia motako kulunka bat eta malguki jolasa izango ditu.
Garra enpresari esleitu zaio parkea egiteko kontratua, eta gaur hasi dira jolasak jartzen. Behin Garmendiko parkea amaitutakoan, Urbitartekoarekin hasiko dira. Urbitarten, gaur egun ere badago parkea, baina guztiz berritzea erabaki du udalak.
Jolas parkeei dagokienez, Garmendi eta Urbitarte auzoetakoak dira 2026rako aurreikusitako bi esku hartze nagusiak. Alabaina, parke ugari dago Azpeitian, eta aldiro-aldiro egiten ditu konponketak eta hobekuntzak udalak.
