Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Euskara

Gogoetarako baliatu nahi du Euskararen Eguna Azpeitiko Udalak

2025/11/27
Udalaren eta Euskara Mahaia osatzen duten beste eragile batzuen artean, hainbat jarduera antolatu dituzte abenduaren 3aren bueltan.
Gogoetarako baliatu nahi du Euskararen Eguna Azpeitiko Udalak

“Euskararen Eguna egunero izatea da erronka, etorkizunean ere euskararen arnasgune izatea Azpeitia eta euskaraz bizitzen jarraitzea. Gertatzen ari diren hainbat faktorek, ordea, eragin zuzena dute gure hizkuntza portaeretan, eta horiei buruz hausnartzea nahi dugu Euskararen Egunaren harira antolatuko ditugun jardueretan”, esan du Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak. 

Bi aurkezpen-solasaldi izango dira datozen asteetan. Lehena, abenduaren 3an bertan. Pantailak Euskaraz taldeak egindako Urak eginen du bide dokumentala ikusteko aukera izango da Basazabal jauregian, 18:30etik aurrera. Adituen eta pertsona ezagunen elkarrizketa eta testigantzen bidez, gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen du ordu erdi inguruko iraupena duen dokumental horrek. Jarraian, gaiari buruz hitz egiteko aukera izango da Pantailak Euskaraz taldeko Ioritz Gonzalez Lertxundirekin.

Bigarren solasaldia abenduaren 10ean izango da. Esnatu ala Hil liburua aurkeztuko du Garikoitz Goikoetxeak. Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi du, eta euskararen indarberritzeak bizi duen geldialdia aztertzen du liburuak. “Helduleku izan nahi du liburu honek, euskararen bilakaera eta egoera zein den ohartzeko tresna. Begiak zabaltzeko ordua da, izan ere. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur”, dio liburuaren laburpenak. 18:30ean hasiko da aurkezpena, Basazabal jauregian.

Autobusa Bilbora

Ekitaldi nagusiak horiek izanda ere, bestelako zenbait jarduera ere izango dira abenduaren 3aren harira. Azpeitiko Udalak Euskararen Eguneko adierazpena adostu du, eta abenduaren 2an egingo den udalbatzarrean landuko eta bozkatuko dute. 

Lan munduan euskara sustatzeko, Elegune zerbitzua eskaintzen du Azpeitiko Udalak. Zerbitzu horren erabiltzaile diren enpresetan Hizkuntzen Ginkana lehiaketa egiten da. Zazpi enpresa animatu dira aurten parte hartzera. Urrian eta azaroan, galdera bana bidali zaie astero. Abenduaren 3an izango da sari banaketa. Udal ordezkariak lehiaketa irabazi duen langileak lan egiten duen enpresara joango dira, saria ematera.

Euskaltegiko ikasleak ere bideo bat prestatzen ari dira, eta abenduaren 3an argitaratuko dute. 

Ikus-entzunezkoekin jarraituz, Euskararen Mahaiak sustatuta, aurten, bi ekinalditan, zortzi esketx argitaratu dira. Eguneroko egoeretan sortzen diren hizkuntza portaerak erakutsi dituzte, umore ukituz, azpeitiarren hizkuntza portaerei buruz hausnartzeko eta aldaketa eragiteko. Zabalpen handia izan dute bideoek, baina beste bultzada bat emango zaie orain, GUKAren laguntzarekin. Hala, hamabost egunez, Guka Telebistan botako dituzte bideoak, eta Gukaren webgunean ere, banner baten bidez, lotura egongo da bideoetara.

Azkenik, Azpeititik autobusa jarriko da Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den Pizkundea emanaldirako. Sarrerak, astelehenetik aurrera, Sanagustin kulturgunean egongo dira salgai, 20 euroan (emanaldia eta autobusa barne). Honako kulturgile hauek parte hartuko dute emanaldi horretan: Amets Aranguren, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena Flako Fonki, Maia Iribarne, Miren Narbaiza, Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga, Ramon Agirre, Ane Labaka, Sustrai Colina… Autobusa 15:30ean aterako da anbulatorio aurretik.

 

EGITARAUA

  • Abenduak 2. Udal ordezkariek adostutako Euskararen Eguneko Adierazpena landuko dute abenduko ohiko udalbatzarrean.
  • Abenduak 3, 18:30ean, Basazabalen. Urak eginen du bide dokumentalaren emanaldia, eta, jarraian, solasaldia Pantailak Euskaraz taldeko Ioritz Gonzalez Lertxundirekin. 
  • Abenduak 3. Hizkuntzen Ginkanako sari banaketa.
  • Abenduak 3. Euskaltegiko ikasleek bideo bat argitaratuko dute.
  • Abenduak 10, 18:30ean, Basazabalen. Esnatu ala Hil liburuaren aurkezpena, Garikoitz Goikoetxea liburuaren egilea bertan dela.
  • Abenduak 27, 15:30ean, anbulatorio aurretik. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Pizkundea emanaldirako autobusa.