Machine translation

  • Udala

Haizeteei eta uholdeei aurre egiteko plana aurkeztu du udalak

2026/01/29
Hiru zati nagusitan banatzen da: prebentzioa, aurre alerta egoera eta emergentzia egoera, eta egoera bakoitzean egin beharrekoak zehazten ditu. Atzo egin zuten aurkezpena, Azoka Plazan. Ander Larrañaga zinegotziak, Anartz Toledo udaltzainburuak eta SIE enpresako Hilario Seinek eman zituzten azalpenak.
Haizeteei eta uholdeei aurre egiteko plana aurkeztu du udalak

Larrialdi egoeretarako konponbideak prestatzeaz arduratzen da SIE enpresa, eta hark egin du Azpeitiko plana. “Ez du izan behar kaxoian gordeta egongo den dokumentu bat, dokumentu bizia izan behar du, eguneratuta mantentzen dena”, esan zuen Seinek.

Prebentzioa uholdeetan

Prebentzioari dagokionez, uholdeak ahalik eta gehien saihesteko, ibaien kudeaketa da punturik garrantzitsuenetako bat. Seinek azaldu zuenez, ibaietan landaretza egotea beharrezkoa da, uraren abiadura murrizten laguntzen duelako. Horregatik, ur emaria laminatuko da, urak handi datozenean, indarra gal dezan. 

Horrekin batera, zubi inguruak garbitzen jarraituko du udalak; izan ere, oro har ibaietan landaredia egotea komeni arren, zubi inguruetan materiala pilatzea arriskutsua izan daiteke. Arketak eta ur kanalizazioak ere aldiro-aldiro begiratuko ditu. Bi identifikatu dira bereziki zaindu beharrekotzat: Soreasukoa eta Ikasberri ikastolaren ondokoa, Xoxoteko urak hartzen dituena. 

Gaur-gaurkoz ez daude, eta ibaietan erregeletak ere jarriko ditu udalak, unean uneko ur maila hobeto kontrolatu ahal izateko. Loiolako zubia, San Martin Estrata, Landetako gasolindegiaren ingurua eta Magdalena ingurua jo dira funtsezko kokalekutzat.

Honezkero konturatuko ziren herritarrak uholde eremuen berri ematen duten seinaleak jarri dituela udalak herriko hainbat puntutan. Hori da beste prebentzio neurrietako bat. Euri askoko egunak iragartzen direnean, ikastetxeetako aparkalekuak zabalduko dira, uholde arriskuko eremuetatik kanpo aparkatu ahal izateko herritarrek.  

Prebentzioa haizeteetan

Haizeteek eragin ditzaketen arriskuak gutxitzeko, berriz, herriko zuhaitzen egoeraren inbentario bat dagoeneko eginda dauka udalak, eta inbentario hori eguneratuta edukiko du, egoera txarrean edo arriskuan egon daitezkeenak kentzen joateko. 

Herrian egiten ari diren obrak ere kontuan izango ditu udalak, eta andamioak, garabiak eta abarrak behar bezala edukitzeko eskatuko die jabeei, arriskuak saihesteko. Horrez gain, arrisku eremutan dauden zabor edukiontziak ere identifikatuko ditu, alboetan euste zutoinak jarri edo ez aztertzeko. 

Aurre alerta uholdeetan

Alerta ohartarazpenen bat dagoenean, kontingentzia mahaia bilduko da. Mahai horretan, udal ordezkariak ez ezik (alkate, zinegotzi, udaltzain, brigada…), Ibai Eder urtegiko ordezkariak eta suhiltzaileak ere egongo dira. Egoerari dagozkion lehen erabakiak hartuko ditu.

Herritarrei alerta mezuak nola bidali ere jasotzen du planak. Bide bat baino gehiago erabiliko da: megafonia bidez, SMS mezuekin, udalaren sare sozialetan, tokiko komunikabideen laguntzarekin… Aurre alerta egoeran, arrisku eremuetatik kendu beharko dira auto guztiak, eta zehaztuta dauden aparkalekuetara eraman. Errepide batzuk ixtea ere erabaki daiteke.

Horrez gain, edukiontziak ez husteko eskatuko zaio mankomunitateari, pisua izatea komeni delako, urak eraman ez ditzan. Erregeletetan ageri diren datuak aztertuko ditu mahai horrek, eta Ibai Eder urtegia nola kudeatu ere bai. 

Aurre alerta haizeteetan

Uholdeetan bezala, haizeteagatik alerta egoera ezartzen denean ere kontingentzia mahaia bilduko da. Alerta mezuak bidaliko zaizkie herritarrei; autoak kenduko dira arrisku eremuetatik; parkeak, jolaslekuak, obrak eta abarrak itxi egingo dira; edukiontziak ez dira hustuko; eta jarraibideak emango zaizkie herritarrei (kalera ez irteteko gomendioa, balkoietatik apaingarriak kentzeko eskaera…). 

Emergentzia egoera

Prebentzio neurri guztiak hartuta ere, muturreko klima egoerak gertatu egiten dira. Horrelakoetan zer egin ere jasotzen du larrialdi planak. “Itxaron”, hori da egin beharreko ekintza nagusia. Pertsona baten bizitza arriskuan dagoenean bakarrik esku hartuko da”.

Emergentzia egoeretan, krisi mahaia elkartuko da, beharrezko profesional guztiekin (Osakidetza, suhiltzaileak…), jarraibideak eta babes neurriak finkatzeko. Hainbat bidetatik bidaliko zaie informazioa herritarrei (megafonia, SMS mezuak, sare sozialak…), eta Udaltzaingoak ere irekita izango du arreta zerbitzua. Motobonbak prestatuko dira, Izarraitz pilotalekua edo aterpetxeak egokituko dira jendea hartzeko… ). 

Herritarrentzako gomendioak

Hainbat gomendio ere eman zituzten atzoko saioan. “Batzuk logikoak izan arren, komeni da errepikatzea”, esan zuen Seinek.  Garajeetan balio handiko objekturik ez gordetzea da horietako bat, hala nola etxeko eskriturak. Alerta egoera dagoenean garajeetara ez dela jaitsi behar nabarmendu zuen; halaber, garajeko gauzak plastikozko ontzietan gordetzea erabilgarria dela azaldu zuen, larrialdi batean azkarrago atera ahal izateko. 15 zentimetroko urak ere, gutxi dela eman arren, egoera oso arriskutsuak sor ditzakeela kontatu zuen. 

Haizeteetan, berriz, ahal bada autorik ez bada hartu behar ere, hartzen den kasuetan martxa bat edo bi jaistea komeni dela esan zuen Seinek, indar mekaniko handiago izateko.

72 ordurako oinarrizko produktuak

Amaitzeko, etxean gutxienez 72 ordurako biziraupen kita izatea komeni dela gogorarazi zuen: pertsonako 5 litro ur, iraungitzen ez den janaria, piladun irratia, USB bateria, linterna, su itzalgailua, sendagaiak, dokumentuak, eskudirua…