Machine translation

Hasi dituzte Corrugados Azpeitiaren instalazioak  eraisteko lanak

2026/09/07
Enpresak udalari jakinarazi dio gaur direla hastekoak bete-betean eraisketa proiektuko lanekin. Eraikinak hustea izango da aurreneko pausoa.
Hasi dituzte Corrugados Azpeitiaren instalazioak  eraisteko lanak

Azpeitiko herrigunearen erdian dagoen Amue eremuaren eraldaketa fase berri batean sartu da. Corrugados Azpeitia enpresak udalari jakinarazi dionez, lanerako beharrezko makinaria Amueko eremuan bertan dute dagoeneko, eta eraisketa proiektuari lotutako lanei bete-betea ekingo diete gaur. 

Apirilean eman zuen Azpeitiko Udalak eraisketa lanak egiteko baimena, eta uztailean jakinarazi zuen enpresak irailean hasiko zirela bete-betean lanekin. Prozesua zenbait fasetan egingo da. Lehenik eta behin, eraikinak hustu eta saneamendu lanak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila arduratuko da saneamenduaren jarraipena eta kontrola egiteaz, eta haren oniritzia jasotakoan hasiko dira eraikinak botatzen. Hala ere, gerta daiteke eremuka joatea, hau da, gune bat saneatu ahala gune horretako eraikinak botatzea, eremu osoa saneatuta egon arte itxaron gabe.

Epeei buruz hitz egitea zaila den arren, enpresak aipatu izan du posible ikusten duela urte eta erdian botata egotea Corrugados Azpeitia zenaren eraikinak. 

Azpeitiko Udalak 2024an onartu zuen behin betiko Amueko eremurako plan berezia. Plan horren arabera, etorkizunean etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikiko dira eremu horretan.