Herriko azpiegiturak hobetzeko lan ugari amaitu ditu udalak urteko lehen hilabeteetan
2026/07/28
Urrestilla eta Etxe Alai
Azken urteotako bi proiektu handienetakoak izan dira Etxe Alaiko eta Urrestillako berrurbanizazio lanak. 936.000 euroko inbertsioa egin du udalak Etxe Alain eta 780.000 eurokoa Urrestillan. “Hiru fasetan gauzatu ditugu bata zein bestea, eta pozik geratu gara emaitzarekin. Irisgarritasunean eta oinezkoen segurtasunean hobekuntzak egitea, eta, oro har, azpiegiturei berritu bat ematea izan dira helburuak”, azaldu du Larrañagak.
Besteak beste, espaloiak eta zoladura berritu, eskailerak konpondu, aparkalekuak margotu, saneamendu sarea hobetu, argiteria aldatu, Urrestillako autobus geltokian markesina jarri eta abar egin dituzte proiektu horietan.
Aisialdi eta kirol eremuen hobekuntzak
Aisialdirako eta kirola egiteko gune ugari ditu Azpeitiak. “Uda sasoian gehien erabiltzen diren espazioetan egin ditugu hobekuntzak aurten, hala nola kanpoko igerilekuan eta Izarraizko Atean”. Kanpoko igerilekuan, berdegunea handitu du udalak; Izarraizko Atean, berriz, ur jolasen beste eremu bat egin du.
Kiroldegian, padeleko bi pisten lurra aldatu du; goiko futbol zelaian, berriz, eserleku batzuk jarri ditu, partidak ikustera joaten direnentzat. Kirol azpiegituren energia eraginkortasuna hobetu ahal izateko, LED argiak jarri ditu Izarraitz pilotalekuan. Horrez gain, herriko kirol eskaintza zabaltzeko asmoz, kriketean aritzeko gunea berritu du Goenako zelaian.
Aisialdiari lotuta, ia-ia amaituta dago Done Jakue kaleko topagunea ere. Ping-pongerako mahaia jartzea falta da, eta saninazioak amaitu ostean jarriko du udalak. Espazio horren diseinua herritarren partaidetza prozesu baten bidez erabaki zen. “Espazio libre baten aldeko hautua egin zuten prozesuan parte hartu zutenek: eremua oztoporik gabekoa, multifuntzionala eta goxoa izan zedila eskatu zuten, baita landare gehiago edukitzea ere. Estalki bat ere egin dugu, frontoiari itsatsita”. Larrañagak azaldu duenez, espazioa bera ere zertxobait handitu egin da, aparkaleku batzuk kenduz.
Ume parkeak
“28 ume parke ditugu herrian, eta aldiro-aldiro egiten ditugu konponketak eta berrikuntzak. Horrez gain, beharra ikusten dugunean, guztiz aldatzen ditugu parkeak. Aurten, bi parke berri jarri ditugu”. Urbitarte auzoan, ordura arte zeuden jolaserako elementuak kendu eta berriak jarri ditu udalak; eta Garmendi auzoan, garai batean parkea zegoen toki berean jarri ditu jolasak, ping-pongerako mahaia ere mantenduz.
Igerilekuaren aurrean ere, estalitako parkea handitzea da udalaren asmoa. Lizitazioa martxan du. Bien bitartean, aurten amaitu ditu estalpea handitzeko lanak, eta lehen halako bi da orain aterpean geratzen den eremua. Era berean, proiektu berean, markesina berriak jarri ditu Sanjuandegiko autobus geltokian, eta markesina paretik igerilekura arteko espaloia ere berritu du.
Oinezkoen erosotasuna
Irristakortasuna gutxitu eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko tratamenduak ohikoak izaten dira, eta herriko hainbat puntutan egin ditu halakoak udalak aurtengo lehen hilabeteetan. Urrestillan, adibidez, Txorietxeko aparkalekua eta Kaletxiki lotzen dituen egurrezko oinezkoen zubian egin ditu irristakortasuna gutxitzeko lanak.
Eskola bide seguruen egitasmoaren barruan, oinezkoen segurtasuna hobetu ahal izateko, zenbait zebra-bideren ondoko aparkalekuak kendu ditu (epaitegi ondoan, Jose Artetxe kaleko biribilgune ondoan, Garate Anaia kalean…). Izarraizpe ikastolara doazen ikasleen segurtasuna hobetzeko eta Garmendi auzoan sortzen ziren trafiko arazoak gutxitzeko, berriz, ikastetxearen aurreko autobus geltokia handitu du udalak, eta autobusak geratzeko beste gune bat egokitu du Garmendin (goiko futbol zelaiaren ondoan).
Oinezkoei begira egindako azken esku-hartzea, berriz, Sanjuandegi eta Jose Artetxe lotzen dituen lurpeko oinezkoen pasabidean egin du. “Pasabide hori txukuntzea eta argitzea izan dira gure helburuak”.
Baserri bideak
Landa eremuetan ere esku hartu du udalak, hainbat baserri bide konponduz eta auzotarren mugikortasuna hobetuz. “Hala ere, baserri bideetan aurten egingo ditugun obra gehienak uda osterako ditugu proiektatuta”, Horrez gain argiteria hobetu du Aratz Errekan.
Udan ere etenik ez
Udan ere, etenik ez dute izango obrek. Saninazioen ostean, hainbat asfaltatze lan egingo dituzte, hala nola igerileku paretik epaitegira arteko errepidearena, igerileku ondoko oinezkoen zubiarena eta Salbe 25 zenbakiaren atzeko errepidearena. Era berean, Garmendipe futbol zelaian, goiko zelaiko belar artifiziala aldatuko dute.
Martxan daude Euskal Herria auzoko arnasgunea egiteko lanak (Izarraizpe haurreskolaren ondoan) eta Udaltzaingoaren eraikin berria egiteko lanak ere.
