Machine translation

Haurren autonomia sustatzen

2026/03/25
Eskola bideak seguruagoak izan daitezen, zebra-bideetan eta ikastetxe atarietan zenbait esku hartze egingo ditu udalak.
Haurren autonomia sustatzen
Zebra-bideen ondoko zenbait aparkaleku kendu egingo ditu udalak, ikusgarritasuna hobetzeko.

Herri hezitzaileen sareko kide da Azpeitia. Herri hezitzailearen filosofiak herriko eragileen arteko ardura konpartitu moduan ulertzen du hezkuntza; hau da, ikastetxe eta familiek ez ezik, udalek, hezkuntza formal zein ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek partekatzen duten ardura moduan. Laburbilduz, umeentzat ona dena herritar guztientzat dela ona uste du.

Haurren autonomia sustatzea da herri hezitzaileen lan ildoetako bat, ulertuz, haurrak herrian modu independentean eta seguruan mugitu ahal izatea herriaren osasunaren adierazle dela. 

Umeak eskolara oinez joateko orduan, segurtasuna dela kezketako bat adierazi dute gurasoek

Horri lotuta, galdera bat sortu izan da Azpeitian: umeak zergatik ez dira oinez joaten eskolara? Erantzuna jakin nahian, iazko ikasturtean, ikastetxeen bidez, galdetegi bat helarazi zitzaien gurasoei. Atera zen ondorioetako bat izan zen segurtasuna dela gurasoen kezketako bat.

Udala eta Haurren Kontseilua, elkarlanean

Hori ikusita, lanketa bat egitea erabaki zen. Alde batetik, udalak berak; eta, bestetik, Haurren Kontseiluaren bidez. Hala, azken hilabeteetan, zer hobetu daitekeen aztertu dute bakoitzak bere aldetik. Ondoren, zer ikusi duten kontatu diote elkarri, eta zer lehentasun jarri aztertu dute.

Besteak beste, zebra-bide batzuek arrisku egoerak sortzen dituztela identifikatu dute. Horiek saihestu ahal izateko, hainbat neurri hartuko ditu udalak; batzuetan, nahikoa izango da zebra-bidea margotzea edo zuloak konpontzea; beste batzuetan, zebra-bidearen ondoko aparkalekua kenduko da, ikusgarritasuna hobetzeko (epaitegi ondoko zebra-bidean, Jose Artetxe kaleko biribilgune ondoan, Garate Anaia kalean…).

Zebra-bideak konpontzearekin batera, beharrezko ikusi da autoak gaizki aparkatuta ez uzteko oztopoak jartzea ere, hesi edo lorontzien bidez. Udaltzaingoak ere lagunduko du eskola bideen segurtasun bermatzen, eta kontzientziazioan eragiteko lana ere egingo da.

Esku hartze batzuk, eginda

Neurri batzuk dagoeneko hartuta ditu udalak. Esate baterako, San Martin estratan loreontziak jarri ditu Izarraizpe ikastolak erabiltzen duen eraikinaren aurrean; Perdillegiko eraikinean, berriz, autobus geltokia handitu du; Euskal Herria auzoan autoen aparkaleku bat kendu eta bizikletena jarri du; igerileku ondoko zebra-bidearen argiztapena hobetu du… 

Haurren autonomiari begira, datozen hilabeteetarako ere hainbat proiektu ditu udalak

Haurren autonomia hobetzeko bidean, eskola bideen segurtasuna hobetzea neurrietako bat da, baina ez bakarra. Datozen hilabeteetarako ere hainbat proiektu ditu esku artean.