Helduen danborradaren amaieran, plazan eta parrokian banatuko dira taldeak 2027tik aurrera
2026/07/01
Hiru talde gehiago (Santiyo taldea, Udal Euskaltegia eta Bertan merkatari elkartea) aterako dira datorren urteko helduen danborradan; hau da, guztira 36 eta 1.800 danbor jotzaile inguru. Horren aurrean, azken urteotatik zetozen zenbait erronkari heltzea erabaki du Danborrada Batzordeak: alde batetik, plazako eta parrokiako espazio faltari; bestetik, plazan, kioskoaren atzean tokatzen zitzaien taldeek adierazi izan dituzten kezkei, esaten baitzuten danborrada ez dela bete-betean bizitzen kioskotik atzera.
Maiatzaren amaieran, bi aukera proposatu zituen Danborrada Batzordeak, eta ekarpenak egiteko epean, hirugarren aukera bat proposatu zuen Julian Barrenetxea abesbatzak: laburbilduz, parrokiako geldialdia mantentzea, eta plazan, Azoka Plazaren barruan eta inguruko kaleetan kokatzea taldeak.
Hiru aukerak aztertu zituzten atzoko bileran danbor taldeetako ordezkariek, eta bozketa bidez erabaki zuten zer aukera lehenetsi. Danborrada Batzordeak proposatutako lehen aukerak jaso zituen boto gehien; ondorioz, datorren urtetik aurrera, gaur egungo ibilbidea izango du danborradak, baina parrokian geratu gabe.
Behin plazara iristen direnean, Done Jakue kalean behera, parrokiara joango dira lehen hamabi taldeak, eta gainerako 24ak, ohi bezala, plazara. Hala, bi tokitan banatuta joko dituzte San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Udal Musika Bandak kioskoan jotzen duen musika entzungo dute bozgoragailuetatik parrokian, eta pantaila bat jarriko dute plazako giroa ikusteko. 36 taldeko kopuruarekin, bi urtean plazan eta hurrengoan parrokian amaituko dute taldeek.
Beste erabaki batzuk ere bai
Atzoko bileran, beste zenbait erabaki ere hartu zituzten. Oñatzbideko Gastadoreei dagokienez, adostu zuten beti danborrada irekitzen joango direla, orain arte bezala, baina gainerako taldeen moduan, batzuetan plazan amaituko dutela eta besteetan parrokian.
Txandakatzeei lotuta, oro har, hamabiko multzoak berberak izango dira urtero (talde berriak sartuz gero, aldaketaren batzuk izan daitezke), baina multzo bakoitzaren barruan ere txandakatu egingo dira ordenak, ez izateko, adibidez, talde berbera beti aurrena.
Urteurrenetan, 25., 50. edo 75. urteurrenean kasu, talde bati parrokian jotzea tokatzen bazaio, plazan jotzeko aukera eskainiko zaio.
Entseguak guztiek elkarrekin egitea edo bitan banatuta egitea ere aztertu zen, eta orain arte bezala jarraitzearen alde egin zuten taldeek; hau da, hiru entsegu egingo dituzte hurrengo urtean ere, denek batera.
