- Azpiegiturak
Herria, etengabeko hobekuntzan
2025/09/04
Ander Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, irisgarritasuna eta segurutasuna hobetzea izan da obra batzuen helburua; mugikortasunari lotutakoak izan dira beste batzuk; auzoetan ere egin dira inbertsioak; horrez gain, orain arte ez zeuden azpiegitura batzuk ere jarri dira. “Era askotakoak dira egin ditugun inbertsioak. Dirutan hain handiak ez diren batzuek ere eragin handia izan dezakete herritarren eguneroko bizitzan. Herritarren beharrak identifikatzea eta ahalik eta ondoen erantzutea da gure erronka”.
Urrestillako berrurbanizazio lanen bigarren fasea amaitzea izan da udalak aurten egindako obrarik garrantzitsuenetako bat. Kale-Barrena, Antxieta plaza, Kaleaundi eta Kaletxiki arteko eremuan egin ditu lan horiek, oinezkoan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko, eta markesinak ere jarri ditu autobus geltokietan.
Fase bat baino gehiagotan banatuko da Etxe-Alai auzoaren berrurbanizazioa ere, eta aurreneko fasea amaitu du urte hasieran, 4 eta 9 zenbakien artekoa. Zabaldu egin dute espaloia, eta eguneratu zenbait azpiegitura.
Oinezkoen segurtasunari lotuta, trafikoan aldaketak egin ditu Iñaki Azpiazu kalearen eta Esklaben artean ere. Orain, noranzko bakarrekoa da. Zebra-bidea ere jarri du, eta hamabi aparkaleku egokitu ditu eremu horretan. Garmendin ere oinezkoentzako zubi berria jarri du; era berean, zebra-bidea margotu du suhiltzaileen egoitza ondoan.
Mugikortasunari dagokionez, bizikleten erabilera sustatzea da udalaren nahietako bat. Horretarako, bizikletentzako bi aparkaleku itxi jarri ditu: Jose Artetxe kalean bat eta Salbe auzoan bestea. Doakoak dira, eta hamarna bizikleta hartzeko tokia dute.
Gerizpeen garrantzia
Aisialdiari lotuta, funtsezkoak dira berdeguneak, estimazio handia izaten baitute batik bat uda garaian. Salbe auzoan egin du inbertsiotako bat udalak. “Zuhaitzak landatu ditugu, eta itzalpean eserita egoteko bankuak jarri. Izan ere, herritarrek gero eta gehiago eskatzen dizkigute lasai egoteko toki freskoak”, azaldu du Larrañagak.
Jakinekoa da gero eta gehiago direla txakurrak dituzten herritarrak ere. Hala, txakurrak aske ibili ahal izateko hiru gune egokitu ditu udalak: Garmendipen, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren ondoan nahiz Loiolabiden.
Auzoei begira
“Erdiguneko beharrei ez ezik, auzoetakoei erreparatzen ere ahalegintzen gara”, zehaztu du Larrañagak. Urrestillako berrurbanizazio lanekin batera, Nuarbeko auzo lokala inauguratzea izan da aurtengo beste apustuetako bat. “Auzoari bizitza ematen lagunduko duela uste dugu”.
Matxinbentako kaskora ez zen antena bidezko telebista seinalerik iristen azken boladan. Udalak seinale hori iristeko eta auzotarrek telebista ikusi ahal izateko beharrezko lanak egin ditu. Auzoetako eskaera handienetako bat baserri bideak garbitzea izaten da, eta hainbat esku-hartze egin ditu udalak, bai beharrak sortu ahala (adibidez, luiziak izaten direnean), bai ekimen propioz.
San Migel patronatuaren eraisketa, irisgarritasuna bermatzeko arrapalak Garmendin, Artzubiko biribilgunearen konponketa, udal eraikinetan egindako berrikuntzak, Basarteko markesina berria, parkeetan egindako hobekuntzak, segurtasun ate berriak futbol zelai artifizialean, Xoxoteko pistako konponketa eta beste hainbat eta hainbat inbertsio ere burutu ditu udalak aurreko hilabeteetan.
Martxan daudenak
Udan ere martxan egon dira obretako batzuk. Esate baterako, amaitzear daude Salbe auzoko 14, 15, 16, 17 eta 18 zenbakien ingurua berrurbanizatzeko lanak. Izarraizpe ikastolako jolas parkearen berrikuntza izango da aurtengo beste obra handietako bat, eta hori ere ari dira egiten. Etxe-Alai auzoko berrurbaninazioren bigarren fasea ere aurten hasiko dute, eta Barrenetxe auzoko berrurbanizazioa ere bai.
Trasteleku komunitarioak egiteko lokalak ere eskuratu ditu udalak, eta Erdikale-Elizkalekoak eta Enparan kalekoan dagoeneko lanean ari dira. Frontoi Txiki ondoko topalekua da esku artean duen beste proiektuetako bat.
