Herriko ekonomia sustatzeko ‘Azpeitia Zaindu’ bono kanpaina azaroaren 5ean jarriko da abian
2026/11/02
Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du, eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz jarriko dute martxan, berriro ere, Azpeitia Zaindu’ bonuen deialdia.
Bonuen kanpainak ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan
50 euroko balioa izango duten 4.000 bonu aterako dira, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Azaroaren 5eko arratsaldean, osteguna, hasiko dira bonuak saltzen. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta 2027ko urtarrilaren 5era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan. Udalak 60.000 euro bideratuko ditu guztira bonu kanpaina honetara, eta herritarren ekarpenekin batera, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.
Azpeitiko Udalaren eta Bertan Merkatari Elkartearen artean antolaturiko ekimena da. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertaneko kide direnak. Kanpainaren aurreko edizioan parte hartu zuten establezimenduak automatikoki partaidetzat hartuko dira oraingo honetan ere, aurkakorik adierazten ez duten bitartean. Gainontzean, ekimenean lehen aldiz parte hartu nahi duten establezimenduek merkatari elkartearekin jarri beharko dute harremanetan, 943 02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita, asteartea, azaroak 3, eguerdiko 12:00ak baino lehen.
Aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2008an jaiotakoei) 15€-ko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe
Aurreko hainbat kanpainetan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2008an jaiotakoei) 15€-ko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta, horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Onuradunek gutun bidez etxean jasoko dute ekimenari buruzko informazio guztia.
Kanpainaren aurkezpenean izan dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta herriko merkatariak. Nagore Alkorta alkateak nabarmendu duenez, Udalak merkataritza txikiari laguntzeko konpromisoari eutsi dio beste urte batez. “Azken urteotan merkataritza txikiak erronka handiei egin behar izan die aurre. Egoera horretan, Azpeitiko tokiko ekonomia sustatzeko eta herriko saltokiei babesa emateko jarri genituen martxan bonu-kanpainak, Bertanekin elkarlanean. Ekimenak herritarren artean izan duen harrera eta sortu duen eragin positiboa ikusita, aurten ere bide horretan jarraitzea erabaki dugu ”, azaldu du.
Bertan Elkarteko zuzendaritzako kideek ere kanpainaren garrantzia azpimarratu dute. Haien esanetan, “bonu kanpainak laguntza zuzena eskaintzen die herriko saltokiei, eta espero dugu aurten ere merkataritzari bultzada emateko baliagarria izatea”.
Era berean, eskuragarri jarriko den bonu kopuruaren inguruan ere hitz egin dute: “Kopuru esanguratsua izango da, eta herritar interesdun guztiek bonuak eskuratzeko aukera izatea espero dugu. Izan ere, herritarren erosketa ohiturek eragin zuzena dute Azpeitiko ekonomiaren indartzean, eta bonuen bidez, herriko saltokietan erosteko pizgarri bat eskaini nahi dugu”.
Kanpainaren xehetasunak
- Bonuak guztira: 4.000. 174 aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrei oparituko zaizkie, eta gainontzekoak, 3.826 bonu, salgai jarriko dira, aurrez-aurre (1.913) eta on-line (1.913).
- Prezioa: 35 eurotan erosi ahal izango dira bonuak, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.
- Erosleak: Pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez. 16 urtetik gorakoek erosi ahal izango dituzte bonuak.
- Erabilpena: Bonu bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu. Erosketa berean gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.
- Saltokiak: Gehienez 5.000€ko balioa arteko bonuak onartu ahal izango dituzte. Behin zifra horretara iritsita, une horretatik aurrera saltoki horretan bonuak erabili nahi dituzten bezeroei jakinarazi beharko dio ezin dizkiela bonuak onartu.
- Non erosi:
- Aurrez aurre, Azpeitiko Azoka Plazan, azaroaren 5ean, 16:00etatik 19:30era eta azaroaren 5an, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 16:30era.
- On-line, ordutegi berean, https://www.azpeitiazaindu.eus helbidean.
- Epea: bonuek, 2027ko urtarrilaren 5era arteko balioa izango dute.
