Gurasobakarreko familiek ere eskatu ahal izango dituzte etxebizitzaren alokairurako udal laguntzak
2026/09/09
Azpeitiko Udalak 2026ko alokairurako dirulaguntzen deialdia egin du, eta bi berrikuntza nagusi ageri dira aurtengo oinarrietan: alde batetik, gurasobakarreko familiek ere izango dute dirulaguntzak eskatzeko aukera; bestetik, diru sarreren gehieneko muga %20 handitu du.
Leire Goenaga Ogasun batzordeburuaren eta Ander Larrañaga Gazteria batzordeburuaren esanetan, aldaketa horiekin, alokairurako laguntzak herritarren errealitatera are gehiago egokitzeko ahalegina egin du udalak. “Gurasobakarreko familiek, askotan, pertsona bakar baten gain hartzen dute etxebizitzaren eta familiaren gastu guztia; horregatik, bidezkoa iruditu zaigu kolektibo hori ere alokairurako laguntzen barruan sartzea”.
Gehienezko diru sarreren igoerari buruz, berriz, laguntza behar duten herritar gehiagorengana iristeko nahia aipatu dute. “Laguntza beharra izan arren, herritar batzuk deialditik kanpo geratzen zirela ikusten genuen, eta horregatik erabaki dugu gehienezko muga igotzea”. Hain zuzen, etxean bi pertsona edo gehiago bizi diren kasuetan, urteko diru sarrerek gehienez 42.000 euro izan beharko dute aurtengo deialdian; iaz, muga 35.000 eurokoa zen. Pertsona bakarreko kasuetan, berriz, 33.600 eurokoa izango da muga, aurreko 28.000 euroen aldean.
Laguntza, alokairuaren %35 eta %60 artekoa
Gainerakoan, aurreko urteetako deialdietan bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urria edo ezintasun absolutua duten pertsonek, bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonek, alargunek eta 70 urtetik gorakoek eskatu ahal izango dituzte alokairurako laguntzak.
Laguntzaren zenbatekoa diru sarreren arabera kalkulatuko da, eta alokairuaren %35 eta %60 artekoa izango da. Gehienez, 350 euro jaso ahal izango dira hilean, eta Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, kopuru hori 400 eurora iritsi daiteke. Laguntza jaso ahal izateko, alokatutako etxebizitzak Azpeitian egon beharko du, eta hileko alokairua gehienez 675 eurokoa izango da.
Eskaerak urriaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira, Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre udalaren erregistroan eta Azpeitia Berritzen SAren bulegoetan.
