Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Adinekoak
  • Ongizatea

Beste hiru hitzordu, zaintzen gaineko lanketan jarraitzeko

2025/11/06
Zaintzak erdigunean jarriko dituen herri izateko bidean, pauso irmoak ematen jarraitzen du Azpeitiak. Herriko zaintza sarea artikulatzeko, Zaintza Mahaia eratu zen apirilaren hasieran; ondoren, diagnostiko bat egin zen gaur egungo errealitatea ezagutzeko; eta irail bukaeran, diagnostiko hori herriratu zen, topaketa baten bidez. Gorde beharreko beste hiru data ere finkatuta daude dagoeneko.
Beste hiru hitzordu, zaintzen gaineko lanketan jarraitzeko

Azaroak 11: heriotzari buruzko kafe tertulia. San Martin egoitzako aretoan, kafe baten bueltan, heriotzari buruz hitz egiteko aukera izango da, bizitzaren azken etapa normalizatzeko komunitatean. Lori Anne Thompson Psikologian eta zaintza aringarrien psikologia klinikoan doktorea izango da hizlaria (gazteleraz).

Azaroak 18: Zer eskaintzen da Azpeitian? Zaintza duinak eskaintzea eta jasotzea helburu duten hainbat baliabide ditu dagoeneko Azpeitiak, baina posible da herritar batzuek ez izatea horien guztien berri. Horregatik, Azpeitian dauden baliabideak ezagutaraztea izango da saioaren helburua; alde batetik, udalak eskaintzen dituen baliabideak (eguneko zentroak, Biziberri etxeak, dirulaguntzak…) aurkeztuko dira; bestetik, herriko beste eragile batzuek eskaintzen dituzten baliabideak (Enkarguk zerbitzua, farmaziek dituzten programak, anbulatorioaren eta Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazioa, Adinkide, Baigera…) azalduko dira. Azoka Plazako aretoan (1. solairua) izango da saioa.

Azaroak 25: Zaintza esperientzia inspiratzaileak. Pil-pilean dago zaintzaren gaia, gizarteko erronka handienetako bat baita gaur egun. Ondorioz, era askotako proiektuak jarri dira martxan han eta hemen. Azpeitirako inspiragarriak izan daitezkeen kanpoko esperientzia batzuk ezagutzeko aukera egongo da azaroaren 25eko saioan. Usurbilgo eta Hernaniko udal ordezkariek haien herrietako egitasmoak azalduko dituzte, eta Pactos de Iruñea eta Banku Partekatua egitasmoen sustatzaileak ere egitasmo horien berri emango dute. Azoka Plazako aretoan izango da.

17:00etan hasiko dira hiru saioak, eta doakoak dira. Ez da ezinbestekoa, baina komeni da izena ematea, lotura honetan. Behar izanez gero, itzulpen-zerbitzua egongo da, eta izen-emate galdetegian egin beharko da eskaera. Gizarte Zerbitzuetara deituta ere eman daiteke izena: 943 15 71 92

Azpeitiko Udalak Zaintza Mahaiarekin, Zabalduz kooperatibarekin eta Matia fundazioarekin batera antolatuko ditu hiru hitzordu horiek. Bien bitartean, Zaintza Mahaiak ere lanean jarraitzen du, aldiro-aldiro elkartuz. 2026ko erronka izango da, denen artean, datozen urteetan jarraitu beharreko bide orria izango den zaintza plana adostea.