Igerileku aurrean, espazio zabalagoa eta irisgarriagoa
2026/05/08
Bizilagun askoko auzoa da Sanjuandegi, eta igerilekuak ere mugimendu handia du. Bi faktore horiek eraginda, ume asko ibili ohi da igerileku aurreko parkean. Horregatik erabaki zen bere garaian parkea estaltzea, eta erabaki da orain estalki hori handitzea. “Estalitako eremua ia bikoiztu egin dugu. Horrela, eguraldi txarrarekin ere, jolaserako eta egoteko aukera zabalagoa izango dute herritarrek”, esan dute Nagore Alkorta alkateak eta Joanes Amenabar zinegotziak.
Estalita geratu den eremu horretan, beste zenbait esku hartze ere egin dituzte. Alde batetik, bizikletentzako aparkalekua tokiz mugitu dute. “Eremuak zabaltasun sentsazio handiagoa ematen du orain”. Bestetik, iturri berri bat ere jarri dute, menditik bueltan lokaztutako oinetakoak garbitu ahal izateko. Horrez gain, lehengo ur iturria aldatu egin dute.
Markesina berriak
Irisgarritasuna hobetzea izan da lanen beste ardatzetako bat. Horretarako, markesinatik igerilekura arteko espaloi zatia berritu egin dute. Horrez gain, alde bateko zein besteko markesinak beraiek ere aldatu egin dituzte, zaharkituta zeudelako, eta konponketaren bat behar zutenean, zailtasunak zeudelako piezak aurkitzeko.
“Behin obra guztia amaituta, igerileku aurreko eremuak arnasa hartu duela esan daiteke”, adierazi dute Alkortak eta Amenabarrek. Udalak 330.000 euroko inbertsioa egin du proiektu horretan. Estalkiari eta irisgarritasunari lotutako lanak amaitu dituzten arren, epe laburrerako badu beste asmo bat ere udalak: momentuz, lehengo parkea mantendu da, lehengo jolas elementuekin, baina handiago bat jartzeko asmoa du.
