Machine translation

Ignaziotar Bidea aurkeztu dute Fiturren

2026/01/22
Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur), Ignaziotar Bidearen aurkezpena egin dute gaur arratsaldean, eta bertan, ibilbidea zeharkatzen duten 92 herrietako 80 ordezkari inguru bildu dira. Han izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia ere. Izan ere, Azpeititik, Loiolako Ignazioren jaiotetxetik, hasten da ibilbide hori.
Ignaziotar Bidea aurkeztu dute Fiturren
Ignaziotar Bidearen aurkezpena, Madrilen, Fiturren.

Loiolako Ignaziok 1522an Azpeititik Manresara (Herrialde Katalanak) egin zuen 650 kilometroko bidean dauden herrien ondarea erakargarri egitea da Ignaziotar Bidearen helburuetako bat. Gaurko ekitaldian, Ignaziotar Bidea kalitatezko eta erreferentziazko turismo helmuga dela nabarmendu dute bideko parte diren udalerrietako ordezkaritza zabal batek.

Hego Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat udalerritatik ez ezik, Errioxako eta Aragoiko erkidegoetatik ere pasatzen da ibilbidea. Fiturren, Jordi Hereu Turismo ministroak ere parte hartu du Ignaziotar Bidearen aurkezpen ekitaldian: “Elkarrekin egingo dugu bidea eta lurralde desberdinak batzen dituen eta barne turismoa eta kalitatezko turismoa sustatzen dituen proiektuari lagunduko diogu”, esan du. 

Ignaziotar Bideari buruzko informazio ugari dago gaur aurkeztu duten 'caminoignacioturismo.com' atarian

Ignaziotar Bidea: bide bakarra, 10 helmuga leloaren bidez, eta lehen proposamen gisa, hamar helmuga aurkeztu dituzte, hiru egunetan bisitatzeko. Horrez gain, caminoignacianoturismo.com webgunea aurkeztu dute. Ignaziotar Bideari buruzko informazio ugari dago atari horretan. Fiturren, bidearen esentzia erakusten duen promozio bideoa ere erakutsi dute.

Goizean, bilera

Arratsalde ekitaldiaren aurretik, goizean, bilera egin dute Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko kideek. Duela urtebete sortu zen elkarte hori, eta Nagore Alkorta da lehendakariordea. Alcoletge, Fontellas, San Millan, Logroño eta Torres de Segre herriak elkartera batu dira, eta elkartearen hurrengo lan lerroak ere finkatu dituzte.

2029ra arteko ekintza plana zehaztuta dute. Besteak beste, honako hauek jasotzen ditu: bidearen seinaleztapena estandarizatzea, lurralde bakoitzeko herritarren sentsibilizazioa sustatzea, marka komuna sortzea tresna digital berriekin, baliabideak lortzea eta aliantzak ezartzea, eragin positiboa bermatzeko. Mugarri garrantzitsua izango da 2029a: Jubileu urtea.

Helmuga turistiko adimendunaren bereizgarria

Ignaziotar Bidea aurkezteko aukera izateaz gain, Fiturren bertan, aitortza bat ere jaso du Urola Erdiak; izan ere, helmuga turistiko adimendunaren bereizgarria eskuratu du. Jasangarritasunean, berrikuntzan, irisgarritasunean, gobernantzan eta teknologian oinarritutako turismo eredu baten aldeko konpromisoa erakusten du aitortza horrek. Leire Goenaga zinegotzia eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria joan dira bereizgarria jasotzera.