Imanol Eliasen Hamaika egun Azpeitian nobela aurkeztuko dute ekainaren 5ean
2026/05/29
Egilea hil eta hamahiru urtera argitaratuko du Azpeitiko Udalak Hamaika egun Azpeitian nobela. Bigarren karlistadaren atariko Azpeitian girotutako lana da.
2013an hil zen Imanol Elias historialari, antzerkigile eta kultur eragilea. Ondare oparoa utzi zuen bizi zen artean; eta hil eta gero ere, fruitua ematen jarraitzen du haren lanak. Horren adibide da Hamaika egun Azpeitian nobela.
Eliasen funts dokumentalak Azpeitiko udal liburutegian gordetzen dira gaur egun, eta bertako langileek topatu eta aztertu dute orain argia ikusiko duen eskuizkribua. Behin dokumenturen balioa ikusita, Jose Luis Otamendi eta Pello Elorza arduratu dira edizio lanaz, eta Azpeitiko Udalak argitaratuko du.
Ekainaren 5ean, ostirala, 12:00etan izango da liburuaren aurkezpena, Azpeitiko udal liburutegian, eta herritar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta.
Hamaika egun Azpeitian eleberria 1870eko udan dago girotuta, bigarren karlistadaren atariko Azpeitian. Nobela beltzaren eta kontakizun historikoaren arteko bidean, misterioz eta intrigaz beteriko trama garatzen du, garaiko herriaren bizimodua eta giro soziala erakutsiz.
