Machine translation

Imanol Eliasen lanaren beste fruitu bat, hura hil eta hamahiru urtera

2026/06/05
Emozioek, oroitzapenek eta esker onak hartu dute, gaur eguerdian, Azpeitiko udal liburutegia, Imanol Elias historialari, antzerkigile eta kultur eragile zenaren 'Hamaika egun Azpeitian' nobelaren aurkezpenean. Dozenaka lagun elkartu dira, aretoa txiki uzteraino.
Imanol Eliasen lanaren beste fruitu bat, hura hil eta hamahiru urtera

Nagore Alkorta alkateak, Beatriz Aranbarri liburutegiko langileak, liburuaren edizioaz arduratu diren Jose Luis Otamendi eta Pello Elorzak eta Ixiar Oiartzabal Eliasen emazteak eta Asier semetzakoak hartu dute parte aurkezpenean.

2013an hil zen Elias, baina haren lanak fruituak ematen jarraitzen du. Horren erakusgarri da gaur aurkeztu duten Hamaika egun Azpeitian eleberria. Azpeitiko udal liburutegian daude Eliasen funtsak, eta Beatriz Aranbarri bertako langileak aurkitu zuen, Eliasen dokumentuan artean, gaur arte argitaratu gabe zegoen lana.

Biolin doinu artean hasi eta amaitu da liburuaren aurkezpen ekitaldia. “Orduak eta orduak eman zituen Imanol Eliasek artxiboetan lanean. Eta zer diren gauzak, bere artxiboan ere, bere lanean artean ere, bazegoen sorpresa eder bat: argitaratu gabeko nobela bat”, esan du Nagore Alkorta alkateak. Gogoratu du Eliasek lan handia egin zuela herriko memoria gal ez zedin. “Eta orain guri dagokigu Imanolen memoria mantentzea, besteak beste, liburu honen argitalpenaren bidez”.

Edizio lanari eta Eliasen bizitzari buruzko xehetasunak eman dituzte Otamendik eta Elorzak. Azkenik, gutun bat irakurri du Eliasen emazteak.

Hamaika egun Azpeitian eleberria 1870eko udan dago girotuta, bigarren karlistadaren atariko Azpeitian. Nobela beltzaren eta kontakizun historikoaren arteko bidean, misterioz eta intrigaz beteriko trama garatzen du, garai hartako Azpeitiko bizimodua eta giro soziala erakutsiz.