- Udala
Inbertsioen atalak izango du igoerarik handiena 2026ko aurrekontuetan
2025/12/19
Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak eman zituen xehetasunak. Ideia bat nabarmendu zuen: gastuak igo arren, inbertsioetarako gaitasunari eusten diola udalak. Hain zuzen, 2026ko aurrekontuetan, %15eko igoera aurreikusten da inbertsioetan. Guztira ia 2,6 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara.
Partida berriak sortu dira: Garmendipeko kirol gunearen eremurako proiektua egiteko 500.000 euro; Lasaoko bidegorrian komun bat jartzeko 80.000 euro; Olazko Amaren plazatik Santutxora arteko eskailerak berritzeko 150.000 euro; Izarraizpe ikastolaren Perdillegiko eraikinean estalkia egiteko 110.000 euro; Izarraizko Ateko parkea eraberritzeko 150.000 euro... Etxe Alaiko eta Urrestillako berrurbanizazioek hiru fase izan dituzte, eta datorren urtean amaituko dituzte hirugarren faseak. Horrez gain, auzoz auzo hainbat proiektu daude sartuta aurrekontuetan, mantenuari lotutako inbertsioak ere ahaztu gabe.
Kalitatezko zerbitzuak eta gastuaren igoera, eskutik
Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea izan da Azpeitiko Udalaren erronka azken urteetan, eta hala izango da datorren urtean ere. “Gaur egun ditugunak indartu eta berriak sortu nahi ditugu”, esan zuen atzoko udalbatzarrean Goenagak. Etxez etxeko zerbitzuaren adibidea jarri zuen. Zerbitzu horrek 970.000 euroko aurrekontua izango du. Egunez ez ezik, gauez ere ematen da etxez etxeko zerbitzua Azpeitian, eta eskaera guztiei erantzuten zaie. Gizarte Zerbitzuek 3,46 milioi euroko aurrekontua izango dute 2026an; lau urtean, milioi batean handitu da sail horren aurrekontua.
“Zerbitzu onak nahi baditugu, ezinbestekoa da zerbitzuak eguneratzea eta herritarren beharretara egokitzea, eta baita zerbitzu horiek emango dituzten langileak kontratatzea eta baldintza duinak eskaintzea ere. Horregatik, langileriaren gastuetan %7,6ko igoera izango dugu”. Kalitatezko zerbitzuak eskaintzeari begira, udal azpiegiturak hobetzeko ere egingo da ahalegina. Besteak beste, Udaltzaingoaren lokal berria egingo da. Emakumeen Txokoak eta kirol, kultur, hezkuntza nahiz euskara zerbitzuek ere beren beharretara egokitutako aurrekontuak izango dituzte.
Elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu zuen Goenagak. “Herriko eragileekin hitzarmenak egiten jarraituko dugu, beharrezko baliabideak izan ditzaten”.
Etxebizitza berriak
Herritarrei herrian bizitzeko aukera bermatzeko, tipologia ezberdinetako etxebizitzak eta bestelako egitasmoak sustatu ditu udalak azken urteotan: zuzkidura etxeak, babes ofizialekoak, tasatuak, tutelatuak, etxe hutsak merkaturatzeko plana… Azpeitia Berritzenekin batera, etxebizitza planean jasotakoak gauzatzen jarraitu nahi du udalak hurrengo urtean. “Erdikalean babestutako hamabi etxe eraikiko dira salmentarako, eta Elizkalean alokairu sozialerako hamasei etxe. Santutxoko babes ofizialeko etxeen eta etxe tasatuen proiektua ere egiten ari dira dagoeneko”.
Aurrekontu bateratua, Azpeitia Berritzen ere kontuan hartzen duena, 29,4 milioi eurokoa izango da.
Aurrekontuak urtebeterako izaten dira, baina Goenagak azaldu zuen “ikuspegi luzeagorekin” ere ari dela lanean udala. Horregatik, azterketak eta proiektuak egitera bideratutako partida ere handitu egingo da, “etorkizunean eginda ikusi nahi ditugun proiektuak paperean izateko”.
Tokiko ekonomia indartzen
Iraurgi Lantzeni 470.000 euroko ekarpena egingo dio udalak, tokiko ekonomia sustatzen jarrai dezan. Horrez gain, 400.000 euro jarriko ditu ekonomia sustapeneko laguntzetarako. Arrakasta handia izaten dute laguntza horiek, eta eskaera ugari jasotzen dituzte.
Balio handiko basoak
Jasangarritasunaren aldeko urrats gehiago egiteko asmoa ere badu udalak. Izarraizko eremuan ingurumen balio handiko basoak erosteko kontratua urtea amaitu aurretik da sinatzekoa, eta erosketa berriak eta horien kudeaketa ere jaso dira 2026ko aurrekontuetan. Herriko argiteria LED sistemara aldatzeko beste pauso bat ere emango da.
Zuhurtziaz prestatutako zenbakiak
Goenagak azpimarratu zuen “zuhurtziaz eta arduraz” prestatutako aurrekontuak direla. Diru sarreretan ere %6ko igoera aurreikusten da, udal finantzaketarako foru funtsetik diru gehiago jasoko delako, ordenantza fiskaletan igoerak egin direlako eta zenbait dirulaguntza lortzea espero delako.
Elkarlanean prestatutako aurrekontuak
Aurrekontuan osatzeko prozesuari berari ere eman zion garrantzia Ogasun batzordeburuak. Azaroan zehar hainbat batzar, bilera eta elkarrizketa izan dituzte udal ordezkariek auzoz auzo, sailez sail eta arloz arlo, proposamenak, asmoak eta ideiak jaso eta partekatzeko. “Asko eskertzen da proposamenak eta idea berriak jasotzea”.
Beste bi puntu ere bai
Atzo udalbatzarrean, aurrekontuen puntuaz gain, beste bi puntu ere bozkatu ziren. Alde batetik, udalaren lanpostu zerrendaren aldaketa onartzea, eta, bestetik, Azpeitiko Udalaren eta Azpeitia Berritzen SAren langileen ordainsarien igoera onartzea, 2025erako eta 2026rako. Lanpostu zerrendaren aldaketa EH Bilduko ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJkoen abstentzioarekin onartu zen, eta langileen ordainsariaren igoera, aho batez.
