Machine translation

Irailaren 7tik 11ra eman ahalko da izena kirol eta igeriketa ikastaroetan

2026/08/31
Ikasturte berria hastearekin batera, jarduera fisikoa eta kirola egiteko hainbat aukera jarriko ditu herritarren eskura Azpeitiko Udalak.
Irailaren 7tik 11ra eman ahalko da izena kirol eta igeriketa ikastaroetan

Aurtengo eskaintzan askotariko jarduerak aurki daitezke. Helduentzat, besteak beste, GAP, total training, TRX, cicling, zumba fitness, pilates, zumba gold, mantentze gimnasia, igeriketa hastapena eta igeriketa teknifikazioa eskainiko dira. Emakumeentzako entrenamendu funtzionalak ere egongo dira, eta gazteei zuzenduta, total gazte ikastaroa antolatu du udalak. Horrez gain, Baigerako bazkideek gimnasia eta pilates egiteko aukera ere izango dute, eta jarduera fisiko eta kirol egokituko saioak ere badaude eskaintzan.

Saio gehienak astean bitan egingo dira, ordutegi ezberdinetan, herritarren beharretara egokitzeko. Klase bakoitzak 50 minutuko iraupena izango du, eta ikastaroak urriaren 1etik ekainaren 30era bitartean egingo dira.

Nola eman izena?

Datorren astean izango da izen-ematea. Igerilekuko harreran bertan egin daiteke, baita online ere. Ikastaro jakin batean eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago jasoz gero, zozketa egingo da.

Pertsona bakoitzak eskaera orri bakarra bete ahal izango du, eta ikastaro bakarrean izena emateko aukera izango du. Pertsona batek bi ikastarotan parte hartu nahi badu, bigarrena aukeratzeko aukera izango du behin izen ematea amaitu ondoren, beti ere, plazak libre dituen ikastaroren batean. Baigerako bazkideei zuzendutako jardueretan, aurreko ikasturtean zeudenek izango dute lehentasuna. 

Igeriketa, baita haurrentzat ere

Etxeko txikienek ere izango dute uretan trebatzeko aukera, haurrentzako igeriketa ikastaroaren bidez. Ikastaro horiek hiru hilabeteko iraupena izango dute. Lehen hiruhilekoko ikastaroetan parte hartu nahi dutenek irailaren 7tik 11ra eman beharko dute izena, igerilekuko harreran.

Adinaren arabera hiru multzotan banatuko dira saioak: 6 hilabetetik 2 urtera bitarteko haurrak, 2 eta 3 urte artekoak eta 4 eta 13 urte artekoak. Haurrentzat ere egongo da igeriketa egokituko ikastaroa. Ikasturtean zehar beste bi izen-emate epe ere irekiko dira. 

Kirol eskaintzaren inguruko informazioa herritarren etxeetara ere banatuko du udalak datozen egunetan. Zalantzarik edo argibiderik behar izanez gero, 943 81 41 21 telefono zenbakira deitu daiteke.

KIROL IKASTAROEN ESKUORRIA