- Kirola
Irailaren 8tik 12ra izango da kirol eta igeriketa ikastaroetan izena emateko epea
2025/08/29
Helduentzako ikastaroen artean, GAP, total training, TRX, cicling, ciclo/TRX, zumba fitness, pilates, zumba gold, mantentze gimnasia, igeriketa hastapena eta igeriketa teknifikazioa daude. Baigerako bazkideentzako gimnasia eta pilates ikastaroak ere egongo dira; horrez gain, gazteei begira, total gazte eta TRX gazte ikastaroak antolatu ditu udalak. Era berean, jarduera fisiko eta kirol egokituko ikastaroa ere eskainiko du.
Ikastaro gehienak astean bi egunekoak dira, eta hainbat ordutegitan eskainiko dira. 50 minutuko iraupena dute saioek, eta urriaren 1etik ekainaren 26ra izango dira.
Izena emateko bi modu daude: igerilekuko harreran edo Azpeitiko Udalaren webgunean. Eskainitako plaza kopurua baino izen emate gehiagoko ikastaroetan, zozketa egingo da. Irailaren 19an argitaratuko dira zozketaren emaitzak, eta, hortik aurrera, plaza libreak dituzten ikastaroetan izena emateko aukera egongo da, iriste hurrenkeran.
Haurrentzako igeriketa ikastaroak
Haurrentzako, berriz, igeriketa ikastaroak antolatu ditu udalak. Hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta aurrenekorako izen ematea irailaren 8tik 12ra izango da, igerilekuko harreran.
Hiru adin tartean banatuko dira ikastaroak: 6 hilabete-2 urte; 2-3 urte eta 4-13 urte. Hurrengo hiruhilekoetako izen emateak azaroaren 24tik 28ra eta martxoaren 9tik 13ra izango dira. Haurrentzako ikastaroei buruzko xehetasun guztiak igerilekuko harreran eska daitezke.
Ikastaro guztiei buruzko informazio etxez etxe banatu du udalak datozen egunotan. Edozein zalantza izanez gero, 943 81 41 21 zenbakira ere dei daiteke.