Machine translation

Itsaspeak gordetzen dituen sekretuak, pantaila handira

2026/03/20
Azpeitia izango da Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren hurrengo geltokia. Martxoaren 25ean, itsaspeko munduari buruzko hainbat film ikusteko aukera egongo da Soreasu antzokian; San Martin egoitzara ere irisiko da zikloa aurten.
Itsaspeak gordetzen dituen sekretuak, pantaila handira

Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren helburua itsas hondoa ezagutaraztea eta harekiko maitasuna eta errespetua transmititzea da. 1975ean sortu zuen jaialdia Real Sociedad Itsaspeko Elkarteak. 49. edizioa du aurtengoa, eta jaialdiaren funtsarekin bat eginez, Egia zure begien aurrean aukeratu dute lelotzat antolatzaileek: “Itsaspeko munduaren errealitatea den bezala erakutsi nahi dugu, artifiziorik eta zientzia-fikziorik gabe”. Zinema, argazkilaritza eta hezkuntza dira zikloaren oinarriak.

Txikizikloaren barruan, martxoaren 11n, herriko ikasleei zuzendutako emanaldia egin zuten Soreasun. Datorren asteazkenean, berriz, herritar guztiek izango dute itsaspeko mundua hobeto ezagutzeko aukera. Nazioarteko sei film labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte Soreasun, 19:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.

Horrez gain, Adinzikloaren barruan, asteazkenean bertan, San Martin egoitzara ere iritsiko da zikloa. Itsas hondoek gordetzen dituzten edertasun eta sekretu guztiak hurbilduko zaizkie adinekoei eta haien familiei.

Informazio gehiago