Izarraizko Ateko ur eremua handitzeko lanak astelehenean hasiko ditu udalak
2026/05/23Uda sasoian, igerilekuarekin batera, aisialdirako eremu garrantzitsuenetako bat bihurtzen da Izarraizko Atea, batik bat gaztetxoekin joateko. “Umeek asko gozatzen dute urarekin jolasten, eta azken urteotan arrakasta handia izan du txorroen eremuak. Hori dela eta, gune hori handitzea erabaki du udalak”, esan du Ander Larrañaga zinegotziak.
Astelehenean hasiko dituzte obrak, eta ekainaren erdialderako amaitzea aurreikusten da. Lehendik dagoen eremua bere horretan mantenduko da, eta haren ondoan eraikiko da berria. Espazio biribil bat izango da, 16 metroko diametrokoa. “Txorroak, ur arkuak eta bestelako elementu dinamikoak izango ditu eremuak, dozena bat inguru, erabiltzaileek urarekin modu desberdinetan jolasteko aukera izan dezaten”.
Lanek irauten duten bitartean, obraren inguruko eremuan segurtasun neurriak ezarriko dituzte, eta baliteke Ikasberri Ikastolako zenbait aparkaleku ere behar izatea langileek. “Inbertsio honekin, udako aisialdirako gune are erakargarriago bat izango du herriak”, nabarmendu du Larrañagak.
