- Kultura
Jose Angel Ligeroren kartelak iragarriko ditu 43. Euskal Antzerki Topaketak
2025/09/16
Hainbat kartel lehiaketa irabazitakoa da Jose Angel Ligero Martinez alfaroarra (Errioxa, Espainia). Aurreko urteren batzuetan, Euskal Antzerki Topaketen lehiaketan ere parte hartu izan duela kontatu du. Saria aurten etorri zaio, eta gustura agertu da, gaur goizean, kartelari buruzko azalpenak ematen zituen bitartean.
Azaldu duenez, kartel irabazlean, “antzerkiaren ohiko elementuekin” eta “antzerkiak islatu ditzakeen emozioekin” jolastu nahi izan du. “Begiratu batera, Euskal Herriko koloreak ikusten ditugu, euskara hutsez direlako topaketak. Gero, pailazoaren sudurra dago, alde komikoari eta umoreari lotuta. Galdera ikur bat ere badago, eta hori sorpresa edo beste edozein emozio izan daiteke”.
Pertxa bat ere ikus daiteke kartelean, eta horren azalpena ere eman du. “Kamisetak irribarre bat ere sinbolizatzen du. Gainera, aktoreak ez dira geldirik egoten, alde batetik bestera dabiltza etengabe, eta, aldi berean, oholtza horretan etengabe aldatzen dira arropaz”.
Leire Sarasua, Mikel Odriozola eta Hegoa Larzabal zinegotziek, Mikel Sanjuan eta Miriam Kintana Arte eta Diseinu ikastegiko irakasleek, Enok Sudupe Kulturaz kooperatibako kideak eta Leire Larrañaga UKTko kideak osatu dute epaimahaia. Ligeroren kartela ezaguna egingo zaio zenbaiti; izan ere, kartel lehiaketan parte hartu duten lan guztiekin erakusketa egin zen ekainean Betharrameko aretoan.
Aurkezpena, urriaren 14an
Hilabete eta erdi eskas falta da 43. Euskal Antzerki Topaketak hasteko, eta abiapuntuetako bat izaten da kartel lehiaketa. Aurtengo egitarauaren aurkezpena urriaren 14an egingo du udalak, eta orduan jakinaraziko ditu xehetasun guztiak.
Sarrerak ere egun horretatatik aurrera egongo dira salgai www.antzerkitopaketak.eus helbidean, eta txotxongilo tailerretan parte hartzeko izen ematea ere bai.
