Joxe Takolo beka, Asia eta Euskal Herria bizikletaz lotuko dituen proiektu batentzat
2026/05/07
Gaur eman dituzte proiektuari buruzko xehetasunak udaletxean egindako prentsaurrekoan. Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak jakitera eman duenez, “abenturatik asko” duen proiektua aurkeztu dute bi arabarrek. “Bizikleta eta mendia uztartzen ditu, eta tokian tokiko kultura eta herritarrekin harremanak izateari garrantzia ematen dio”.
Oteizaren esanetan, epaimahaiak proiektuaren “originaltasuna” hartu du kontuan batez ere. Horrez gain, ordu erdiko film labur bat ere egingo dute hilabete horietan bizitako esperientziekin, eta horri ere garrantzia eman dio epaimahaiak.
“Bizi eta sentitu”
Bi bidaiariek azaldu dutenez, duela lau urte inguru hasi ziren bizikletaz bidaiatzen, eta adierazi dute bidaiatzeko modu horrek baduela “zerbait berezia, hitzekin adierazteko zaila dena”. “Pertsonenganako, naturarekiko eta kulturarekiko hurbiltasun berezi bat ematen du. Kanpoan egondako bakoitzean etxean sentitu gara. Orain ere etxe nomada bat sortu nahi dugu”.
Kirolari lotuta, erronka handia dela kontatu dute, Eurasia zeharkatuko baitute, 12.000 kilometro eginez. Hala ere, proiektuaren “alderdi filosofikoari” ere garrantzi handia ematen diotela nabarmendu dute: “Barneko eta kanpoko esplorazio bat izango da”. Ricoren eta Iglesiasen esanetan, helmuga bigarren mailako kontutzat dute, bidaia osoa “bizi eta sentitu” nahi dute.
Era berean, denboraren kontzeptua ere behin baino gehiagotan aipatu dute aurkezpenean. “Orain eta hemen bizitzeko aukera asko azpimarratzen dugu. Normalean, espedizioak motzak izaten dira. Honek aukera ematen digu gelditzeko, eta urte batez hor barrena bizitzeko”. Bidaia lurrez egingo dute osorik, “erritmoari omenaldi bat” egiteko asmoz.
4.000 euroko laguntza
Proiektuari lotzen dizkioten balioen artean, honako hauek aipatu dituzte: ametsak egi bihurtzea, jendearekin partekatzea, oraina bizitzea, sinpletasuna eta konstantzia eta abentura. Bidaiak irauten duen bitartean, abentura sare sozialen bidez partekatzeko asmoa dute. Itzultzen direnean, berriz, ordu erdu inguruko film labur batean jaso nahi dute bizi izandako guztia.
Hasieran alderantziz egitea pentsatzen bazuten ere, Singapurretik abiatuko dira, irailaren hasieran, besteak beste, eguraldiari lotutako faktoreak lagungarriago izango zaizkielakoan. Espedizioaren aurrekontua 23.000 euro ingurukoa izango da, eta horietatik 4.000 euro Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak emandako Joxe Takolo bekaren bidez finantzatuko dituzte. “Oso eskertuta gaude”, adierazi dute.
