- Ekonomia
- Udala
“Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko”, %2 igoko dira zergak, tasak eta prezio publikoak
2025/10/08
Leire Goenaga Ogasun batzordeburuaren esanetan, bi irizpide nagusi izan dituzte kontuan ordenantza fiskaletan egin beharreko aldaketak erabakitzeko.
Alde batetik, zuhurtzia. “Gure helburua eta betebeharra da herritarrei ahalik kalitate handieneko zerbitzu publikoak eskaintzea. Horretarako, beharrezkoa da udalaren sarrerak eta gastuak proportzio berean joatea. Eta aipatzekoa da udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kostuak igo egin direla”.
Bestetik, zergen aplikazio progresiboa. “Progresitate fiskalarekin, karga fiskala gutxitzen zaie diru sarrera edo eros ahalmen gutxien duten herritarrei. Hori bermatzeko, hainbat hobari ditu Azpeitiko Udalak, diru sarreren arabera aplikatzen direnak. Orain arte dauden hobariak bere horretan mantenduko dira, eta diru sarreren zenbatekoak eguneratuko ditugu”. Goenagak azaldu zuen, hobariez gain, Gizarte Zerbitzuen bidez kudeatzen diren beste udal laguntza batzuk ere badituztela eskura egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrek, tartean zergen eta tasen kostuei aurre egiteko.
Bi salbuespen
Zergak, tasak eta prezio publikoak %2 igoko badira ere, bi salbuespen daude: zaborraren tasa eta kiroldegiko eta igerilekuko zerbitzuen tasa.
Europak iaz ezarritako legearen arabera, zaborren bilketa, garraioa eta tratamendua % 100ean finantzatu behar dute udalek: zerbitzuak ezin du defizitarioa izan. %5eko igoera horrek, etxe bakoitzean, batez beste, urtean 8 euro inguruko igoera ekarriko duela esan zuen Goenagak: 158,72 eurotik 166,64 eurora.
Igerilekuko eta kiroldegiko zerbitzuetan ere %5ekoa izango da igoera. Norbanakoei hilean 18,47 eurotik 19,39 eurora igoko zaie kuota, eta familia kuotak dituztenei 28,71 eurotik 30,15 eurora. Igoeraren arrazoiak aipatu zituen zinegotziak: “Kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitu nahi dugu. Zerbitzu defizitarioa da udalarentzat, urtetan hala izan da, sarrerak ez dira nahikoa gastuak estaltzeko, baina ez dugu nahi defizit hori handitzen joatea, eta horregatik izango da igoera gainerako tasetan baino hiru puntu handiagoa”.
Hobariei dagokienez, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan hobari berri bat egongo da datorren urtean efizientzia energetikoaren A edo B mailako etiketa lortzen duten etxebizitza eraikinentzat.
Bukatzeko, Goenagak adierazi zuen “kalitatezko zerbitzu eta baliabideak eskaintzen jarraitzea” dela Azpeitiko Udalaren lehentasuna. “Horretarako beharrezkoa da zerga, tasa eta prezio publikoetan proposatutako igoera horiek egitea”.