Kanpoko igerilekuko belargunea handitzeko obrak hasiko ditu udalak astelehenean
2026/05/19
Ekainaren 1ean zabalduko du kanpoko igerilekua udalak, eta irailaren 27ra arte egongo da irekita. Aurten, gainera, denboraldiaren zati handi batean berdegune zabalagoaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Horretarako, 75.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.
Art enpresari esleitu zaio proiektua, eta datorren astean bertan hasiko dira lanean. Kanpoko komunen atzeko eremua erabiliko da berdegunea handitzeko. Lehengo lekuan mantenduko dira komunak, baina kantina kendu egingo da. “Azken urteotan, behin baino gehiagotan geratu izan da kantina zerbitzuaren lizitazioa hutsik. Kantina itxita egonda, alferrik galtzen zen espazio hori, eta egokiagoa iruditu zaigu kentzea eta berdegunea handitzeko erabiltzea”, azaldu du Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak.
Kantina kentzeaz gain, hesi sistema ere aldatuko egingo da. “Setoen ordez, bestelako hesi batzuk jarriko ditugu, eremua txukunago edukitzeko eta beste metro batzuk irabazteko”. Ate bat ere jarriko da eremu horretan, mantenurako makinentzat sarbide bat egon dadin.
Datorren asteko lanak igerileku barrutik egingo dira, baina gerokoak kanpotik. Beraz, lanen eremua hesituta egongo den arren, komunak eta aldagelak erabiltzeko ez da eragozpenik egongo, eta kanpoko igerilekuko gainerako azpiegiturak erabiltzeko ere ez. Lanak hilabete baino lehen amaitzea aurreikusten da.
