Klima aldaketa eta jasangarritasuna landuko ditu Klima Azokak ostiralean
2026/10/19
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatuta, Ihoberen eta Energiaren Euskal Erakundearen lankidetzarekin, Klima eta Energiaren Astea ari dira egiten, urriaren 16tik 25era, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egitasmo horren barruan, Klima Azoka da jarduerarik aipagarrienetako bat. Hamar herritan egingo dute, eta horietako bat da Azpeitia. Ostiralean, urriak 23, izango da.
Klima Azokak klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa eta jasangarritasuna landuko ditu, jolasen eta jarduera interaktiboen bidez. Azokak zazpi karpa tematiko izango ditu, hainbat gai lantzeko. Plazan jarriko dituzte karpak, eta parte hartzaileek jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari buruzko edukiak ezagutzeko eta klima aldaketari aurre egiteko egunerokoan har daitezkeen neurriak aztertzeko aukera izango dute.
Besteak beste, klima aldaketaren arrazoiak, energiaren erabilera, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa eta lurzoruaren babesa landuko dituzte. Jarduerak bi txandatan egingo dira. Goizean, 10:00etatik 14:00etara, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo da azoka. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 18:00etara, herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.
Eguraldi txarra egiten badu, bertan behera geratuko da Klima Azoka.
Informazio gehiago: www.asteklima.eus
