Machine translation

  • Ingurumena
  • Ekonomia

Klima aldaketaren eraginak aztergai, Iraurgi Berritzen Sarearen 23. topaketetan

2026/01/30
Eskualdeko eragile sozioekonomikoen ordezkaritza zabala elkartu da, gaur goizean, Gogartetxean egindako ekitaldian. Besteak beste, Nagore Alkorta alkateak eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak parte hartu dute.
Klima aldaketaren eraginak aztergai, Iraurgi Berritzen Sarearen 23. topaketetan
IB Sarearen topaketetako parte hartzaileak, gaur eguerdia (Argazkia: Iraurgi Berritzen).

Pil-pilean dagoen gai bati heldu diete Iraurgi Berritzen Sarearen 23. topaketek: klima aldaketaren eraginak Urola Erdian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariaren ongietorriarekin hasi da ekitaldia. Jarraian, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak UE 22-27 Ekintza Planaren garapen-mailaren berri eman du, plan horrek eskualdearen garapen jasangarria bultzatzeko duen eginkizuna azalduz. Ondoren, Elisa Sainz de Murietak, EHUko eta BC3ko ikerlariak, hitzaldi inspiratzailea eskaini du, klima aldaketak lurralde mailan dituen ondorioak eta erronkak aztertuz.

Topaketen baitan, Urola Erdiko Energia eta Klima Mahaiaren lanketa ere aurkeztu dute Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburuak eta Imanol Arrizabalaga Azkoitiko zinegotziak. Era berean, Aitziber Agirrek, Elhuyarreko Kultura Zientifikoaren arloko arduradunak, Urola Erdia ispiluaren aurrean proiektua aurkeztu du.

Ekitaldiaren amaieran, klima-aldaketak Urola Erdian duen eragina murrizteko neurrien inguruko elkarlan-dinamika egin dute. Dinamikaren baitan, klima aldaketari lotutako bost lan bloke jarri dira mahai gainean: garraioa eta mugikortasuna, energia, natur baliabideak, elikadura, hondakinak eta ekonomia zirkularra. Aurkeztutako bost lan-bloke hauetatik ondorengo hiru lan ildo hauek lehenetsi dira eskualdeko eragileen ekarpenak eta adostasun maila oinarri hartuta:

1. Garraio-planen garapena eta distantzia txikietarako mugikortasun aktiboaren eta ohitura-aldaketaren eraldaketa kulturala

2. Energia-berriztagarrien sorkuntza areagotzea

3. Bertako elikagaien kontsumoa areagotzea

Lehenespen horiek izango dira datozen hilabeteetan klima-aldaketaren aurrean eskualde mailan garatuko diren elkarlan-proposamenen abiapuntua.