Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Azpiegiturak
  • Energia

Laien Urola Erdiko ingurumen eragilea, bere bidea egiten

2025/07/22
Bi urte eta erdi dira ‘Laien. Ingurumena eta Energia’ Urola Erdiko ingurumen eragile berria sortu zenetik, eta, atzo, haren jarduera bertatik bertara ezagutzeko bisita instituzionala egin zuten administrazio kontseiluan ordezkaritza duten udalerrietako alkateek.
Laien Urola Erdiko ingurumen eragilea, bere bidea egiten

Han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Koldo Arzallus Errezilgo alkatea eta Peio Otaegi Beizamako alkatea (Zestoako eta Bidania-Goiazko alkateek ez zuten joaterik izan). Joanes Amenabar Laieneko lehendakariak eta Mikel Azurmendi zerbitzuburuak eman zituzten Laienek orain arte egindako ibilbidearen azalpenak.

30 urtez zaborrak jaso ostean, 2016. urteko azaroan itxi zuten Lapatx zabortegia. Horren ostean, 2018ko ekainean hasi zen zabortegia zigilatzeko lehen fasea, eta sei hilabeteko epean amaitu zen. 2021eko ekainean ekin zitzaion zigilatzearen bigarren faseari, eta amaituta dago fase hori ere. Zabortegia itxi ostean, hura kudeatzen zuen sozietate publikoa ere eraldaketa prozesu batean sartu zen, eta hortik sortu zen ‘Laien. Ingurumena eta Energia’, 2022ko abenduan.

Plan estrategikoan adostutakoaren arabera, lau ardatzen bueltan ari da lanean Urola Erdiko ingurumen eragile berria:

  • Eskualdeari zerbitzua ematea. Urola Erdiko herri, herritar eta mankomunitatearentzako ingurumen interesa, interes soziala edo interes ekonomikoa izan dezaketen jarduerak gauzatzen ditu Laienek, beste eragileekin elkarlanean.
  • Trantsizio energetikoa bultzatzea. Eremuak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzen ditu, energia trantsiziorako, mendekotasun energetikoa murrizteko, kutsadura gutxitzeko eta kostuak jaisteko.
  • Ekonomia zirkularra bultzatzea. Hondakinen balorizazioaren bidez, ekonomia zirkularraren eredua sustatzen du, eta ingurumen-inpaktua minimizatzeko eta kostuak optimizatzeko, hondakinak biltegiratzeko eta tratatzeko jarduerak gauzatzen ditu.
  • Zigilatzearen jarraipena. 30 urtez Lapatx zabortegiaren zigilatzearen eta jarraipenaren ardura izango du Laienek.

Sortu zenetik, hainbat jarduera jarri ditu martxan Laienek, eta beste eragile batzuei ere eskaintzen dizkie zerbitzuak.

Jarduera propioen artean, honako hauek dira adibideetako batzuk:

  • Zabortegiaren zigilatzea eta mantenua. Finkatutako bidea egiten ari da zigilatzea. Zigilatzearen lehen bi faseak amaituta daude dagoeneko, eta  27.000 metro karratu berreskuratu ditu Laienek bere jardueretarako. Falta diren faseen zigilatzea amaitu ostean, beste 35.000 metro karratu izango ditu eskuragarri.
  • Energia berriztagarriak. Energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egin du Laienek. Eguzki plaken bidez, 500 Kwko potentzia dago instalatuta haren eremuan, eta aurreikusten da beste horrenbeste kudeatzeko ahalmena izango duela energia transformadore berriarekin.
  • Eraikuntzako eta eraisketetako hondakinak tratatzeko gunea. Ekonomia zirkularrari lotutako zerbitzua da. Eskualdean egiten diren obretan sortzen den materiala jasotzen du Laienek. Material hori txikitu, garbitu eta sailkatu egiten da. Berriro ere obretan erabiltzeko egokia dela ziurtatzeko, balorizatutako material horrek zertifikazio prozesu bat pasatzen du (Tecnalian egiten dena), eta egokitzat jotzen denean, berriro eskualdeko obretan erabiltzen da. Eskualdeko enpresei bakarrik ematen die zerbitzua Laienek. Urtean, batez beste, 5.000 tona tratatzen ditu.
  • Hondakin ez arriskutsuak kudeatzea. Urola Erdiko Mankomunitateak egiten dituen bilketa ezberdinak kudeatzen ditu Laienek: komertzioetako bilketa, industrian egiten den bilketa … Egur eta hiri hondakin ezberdinak ere kudeatzen ditu Laienek.

Horrez gain, zerbitzu hauek ere ematen ditu:

  • Garbiguneen kudeaketa. Hiru garbigune daude Urola Erdian (Azpeitikoa, Azkoitikoa eta Zestoakoa), eta Azpeitikoa eta Azkoitikoa Laienek kudeatzen ditu. Urtean 8.000na bisitari inguru hartzen dituzte.
  • Urola Erdiko zabor bilketaren kudeaketa. Urola Erdiko hiri hondakinen bilketa Mankomunitateak egiten du. Ondoren, Laienen, bailarako bilketa ezberdinak bateratu, eta Gipuzkoako kontsortzioak dituen instalakuntzetara bideratzen dira. Hori guztia gauzatzeko, gune propio bat dago Laienen. Gune hori hobetzeko proiektu bat abian du. Proiektu hori gauzatzen denean, modu erosoagoan eta azkarragoan, kamioi txikietako hondakinak deskargatu eta zuzenean kamioi handietan kargatuko dira.
  • Artile bilketa. Baserritarrek beren artilea Laienera eramaten dute, eta, ondoren, Urkomeren laguntzaz, bere amaierako helmugara eramaten da. Nolabait esateko, eskualdeko hondakinekin urte osoan egiten den hori bera egiten da artilearekin, kanpaina tokatzen denean. Hori egin ahal izateko baimenak behar dira, eta Laienek baditu. Aurtengo bilketa amaitu berri da, eta 10Tn bildu dira.

Laien sortu zenetik bi urte eta erdi bakarrik pasatu diren arren,  denbora gutxian asko egin dela azaldu dute sozietate publikoko ordezkariek. “Ingurumen izaera gureganatu, bide-orri berri bat sortu eta aurrera pauso sendoak eman ditugulakoan gaude. Gustura gaude. Aurrera begira ere baditugu ideia eta proiektu berriak, eta gogotsu eta ilusioz gaude horiek ere martxan jartzeko”.

Laienek gauzatzen dituen jarduerak ez dira bolumen handikoak, baina garrantzi handia dute eskualdearentzat. “Ingurumen eragile garen heinean, energia trantsizioa eta bertatik-bertarako ekonomia zirkularra ere gure jardueren bizkar-hezur bihurtu ditugu”.

Hain zuzen, Urolako Erdiko herritarrei, gremio txikiei, udalei eta mankomunitateari hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie Laienek, eta, oro har, herritarrek oso ondo baloratzen dituzte zerbitzu horiek.