Lurralde Estrategia aukeztu du UEMAk, lurgune euskaldunena euskararen indarberritzearen motorra izan dadin
2026/02/25
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gaur aurkeztu du Lurralde estrategia euskararentzat, hizkuntza politikan eta euskararen indarberritze prozesuan norabide aldaketa proposatzen duen oinarrizko dokumentua. UEMAren zuzendaritza batzorde osoak Hernanin hedabideen aurrean egindako agerraldian nabarmendu duenez, estrategiaren oinarria lurgune euskalduna sendotzea eta legez babestea da, euskararen etorkizunerako funtsezko eremu gisa aitortuta.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi duenez, “azken hamarkadetan egin den lanari esker euskarak aurrerapauso esanguratsuak eman ditu ezagutzan eta esparru formaletan. Hala ere, datu eta joera soziolinguistikoek erakusten dute euskara indartsuen dagoen eremuetan ere —arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan— ahultze zantzu kezkagarriak ageri direla. Azken ikerketen arabera, gainera, hurbileko erabileran, transmisioan eta hiztunen tipologian gertatzen ari diren aldaketek arriskuan jar dezakete euskara nagusi den lurralde eremua”.
Testuinguru horretan, UEMAk gaur aurkeztu duen Lurralde Estrategiak oinarri argia du: arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen.
Lurralde Estrategia, hizkuntza politikek norabide berria behar dutelakoan
Euskararen egoera ez da berdina Euskal Herri osoan. Eremu euskaldunenek eragin egiten dute gune erdaldunagoetan eta, alderantziz, gune erdaldunagoek ere eragina dute eremu euskaldunenean. Elkar-eragin horiek kontuan hartu gabe, hizkuntza politikak mugatuak direlakoan dago UEMA, eta egoera iraultzeko hizkuntza politikek norabide berria behar dutelakoan osatu du Lurralde Estrategia.
Horrelaxe adierazi dute gaur UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek. EH Bilduko eta EAJko hautetsiek eta independenteek osatzen dute UEMAren zuzendaritza. Horien izenean, Martin Aramendi lehendakariak eta Ataungo alkateak, Maitane Zearreta Busturiko zinegotziak eta Dabid Anaut Leitzako alkateak hitz egin dute.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu duenez, Lurralde Estrategiak bi ideia nagusi ditu oinarrian:
- Batetik, lehentasuna da arnasguneen eta lurgune euskaldunenaren gainbehera iraultzea eta indartze bidean jartzea.
- Bestetik, hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzeak euskararen indarberritze prozesua azkartu eta eraginkorragoa bihur dezake.
UEMAren ustez, lurgune euskaldunenean egindako ahaleginek inpaktu handiagoa dute erabileran eta komunitatearen sendotzean. Horregatik, baliabide publikoen eraginkortasuna hobetu beharko litzateke, lurgune euskaldunenari dagokion garrantzia aitortuz, gune hori legez babestuz eta euskararen indarberritzerako hauspo bihurtuz.
Bost irizpide, mapa bat eta hiru norabide
Horretarako, Lurralde Estrategiak bost irizpide orokor proposatzen ditu hizkuntza politika berriaren oinarri gisa. Dabid Anaut Leitzako alkateak eman du horien berri.
- Euskararen lurralde eremu guztietan eragin behar da, ahalegina indartuz eta toki guztietan estrategia egokiak garatuz.
- Eremu bakoitzaren errealitate soziolinguistikoari egokitutako politikak abiarazi behar dira.
- Lurgune euskaldunenari motor eta lidergo rola aitortu behar zaio, euskara irradiatzen baitu gainerakoetara.
- Arreta berezia eskaini behar zaio lurgune euskaldunenari, bereziki arnasguneei, eta legez babestu behar dira, zabaltzeko eta sendotzeko.
- Lurgune euskaldunena gainerako eremuen euskalduntzerako eta euskararen indarberritzerako baliabide estrategikoa bihurtu behar da.
Irizpide horiek aplikatzeko, UEMAk aurkeztutako Lurralde Estrategiak babes eta sustapen bereziko eremu bat definitzea proposatzen du.
Maitane Zearreta Busturiko zinegotzi jeltzaleak eman du horren berri: “Babes eta sustapen eremu horrek lurgune euskalduna zehaztu beharko luke lehenik, bilatuz epe ertain-luzera euskara nagusi izango den lurralde geografikoki jarraitu, demografikoki ohargarri eta soziolinguistikoki sendoa eraikitzea. Bestetik, bai gune zabal horretan baita gune horretatik kanpo gelditzen den zonaldean ere, barruan egon daitezkeen tipologia ezberdinak ere zehaztea lagungarria litzateke”.
Era berean, bost irizpide orokorrekin batera, lurgune euskaldunenean eragiteko hiru norabide nagusi zehazten ditu Lurralde Estrategiak:
- Politika integraletara jauzia: demografia, ekonomia, harrera, lurralde antolaketa eta komunitatearen jasangarritasuna hizkuntza ikuspegitik lantzea.
- Hizkuntza politika aurreratuak hezkuntzan, kulturan, hedabideetan, aisian eta helduen euskalduntzean, errealitate soziolinguistikoari egokituta.
- Hiztunen ahalduntzea eta kontzientzia linguistikoa indartzea, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan komunitate sendoak eta konprometituak bermatzeko.
Lege babesa eta plan integrala
Lurralde Estrategiak, aurrera egiteko, bi lanabes nagusi bultzatzea aurreikusten du epe laburrean.
Lehenik, lurgune euskaldunena sendotzeko eta babesteko marko legal egokia garatzea, judizializazioaren ondorioz sortutako oztopoak gainditzeko eta eremu horretan politika ausartagoak egiteko babes juridikoa bermatzeko.
Bigarrenik, Lurgune Euskalduna Sendotzeko Plan Integrala diseinatzea. Plan horrek politika, estrategia eta ekintza multzo antolatuak bilduko ditu, erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin lankidetzan. Diagnostikoa egitea, lehentasunak zehaztea, eta helburuak zein jarraipenerako eta ebaluaziorako bideak adostea dira hurrengo urratsak.
Proposamen irekia, adostasun bila
UEMAk gaurko agerraldian nabarmendu nahi izan du aurkeztutako dokumentua proposamen irekia dela. Martin Aramendi lehendakariak adierazi du “Euskal Herriko erakunde publiko, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin partekatu eta aberastu” nahi dutela gaurtik aurrera, “oinarrizko adostasun zabalera heldu nahian”.
Dagoeneko alderdiekin, euskalgintzarekin eta hainbat eragilerekin lehen bilerak lotuta dituzte, eta horiekin hasiko da UEMA Lurralde Estrategiaren oinarriak adosten.
120 udalerri euskaldun biltzen dituen eta 350.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen duen erakunde publiko gisa, UEMAk bere gain hartzen du lurgune euskaldunenaren etorkizuna bermatzeko ardura eta erantzukizuna. Helburua argia da: euskara nagusi den lurralde eremua babestea, sendotzea eta hedatzea, horren bidez euskararen indarberritzea hauspotzeko.
Martin Aramendik gogoratu duenez, “beste hainbat eragile ere ari da lanean, euskara indarberritzeko borondaterik sendoenarekin, euskara bidegurutzean dagoela ikusita eta hizkuntza politikak norabide aldaketa behar duela sinetsita. Euskalgintzak, esaterako, lan handia egin du azken hilabeteotan proposamen berriak mamitzen eta euskarak pizkunde berria behar duela jendarteratzen. UEMAk ere bat egin du ekimen horiekin. Horregatik, horiek sendotzera eta zehaztera dator Lurralde Estrategia, beti ere arnasguneak eta udalerri euskaldunak ardatz estrategiko gisa hartuta, horrek euskarak behar duen pizkundeari eta indarberritzeari hauspoa emango diolakoan”.
