Mugikortasunaz, energiaz eta lurraldeaz hausnartzeko hitzaldi zikloa, parte hartze saioen atariko
2026/03/31
Urola Erdia Ispiluaren Aurrean kanpainaren baitan, eskualdeko udalek, Iraurgi Berritzen garapen-agentziak eta Laienek udaberrirako hitzaldi-zikloa antolatu dute. Helburua da herritarren artean hausnarketa sustatzea mugikortasunari, energiari eta lurralde-antolamenduari buruz.
Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egingo dituzte hitzaldiak, baina zikloa Urola Erdiko herri guztietako biztanleei zuzenduta dago. Hain zuzen ere, Beizama, Aizarnazabal eta Errezil bezalako herri txikietako errealitatea eta ekarpena ere kontuan hartu nahi dituzte antolatzaileek, eskualde osoari begirako ikuspegia lantzeko.
Saio hauen bidez, askotariko ikuspegiak ezagutzeko eta iritziak partekatzeko aukera eskaini nahi dute. Hitzaldiak apirilean izango dira, Azkoitian, Zestoan eta Azpeitian, eta ondoren herriz herri egingo diren lan-saio parte-hartzaileen abiapuntua izango dira.
Egitaraua
Apirilaren 14an, Azkoitian
2024an, 11.992 pertsona bizi ziren Azkoitian, eta 7.482koa zen auto kopurua. Oinezkoentzat lehentasunezko kale bakarra Kale Nagusia da. Aldiz, azken urteotan kale horretan gertatu dira oinezkoen harrapaketa-istripuak. Kaleetan autoek izan behar al dute nagusitasuna? Posible al da elkarbizitza-eredu orekatuago bat?
Gaia: Kaleak pertsonentzat ala autoentzat? Elkarbizitza orekatuago baten bila
Hizlariak:
● Ander Gortazar, EHUko hirigintza irakaslea eta RAZ bulegoaren sortzailea.
● Ibon Rosales, Lasarteko udal-arkitektoa eta udal mugikortasun-politiketan eskarmentua duen profesionala.
● Diego Gomez, geografoa eta INTRAko kidea, mugikortasun-azterketetan aditua.
Moderatzailea:
● Andoni Elduaien, GUKAko kazetaria.
Lekua: Elkarguea.
Ordua: 18:30
Apirilaren 21ean, Zestoan
Urola Erdian industria-sektoreak pisu handia du: Balio Erantsi Gordinaren erdia sortzen du. Horrek, ordea, petrolioaren eratorrien kontsumo handia ere badakar. Motorizazio-indizea ere altua da eskualdean, eta Zestoan, zehazki, bereziki handia da: 2023an, 877,2 ibilgailu zeuden 1.000 biztanleko.
Deskarbonizazioari heltzea premiazkoa da, baina nola egin daiteke? Energia berriztagarrien bidez? Gutxiago kontsumituz? Eta nork erabakitzen du zer eta non ekoitzi? Herritarrok badugu zer esanik? Zeren arabera hartzen dira erabaki horiek?
Gaia: Energia subiranotasuna lor daiteke? Energia-sorkuntzari, lurraldeari eta etorkizunari buruz haurnartu dezagun
Hizlariak:
● Itxaro Latasa, lurralde-antolamenduan, jasangarritasunarekin lotutako planifikazioan aditua.
● Leire Urkidi Azkarraga, lurralde ikasketetan eta trantsizio ekosozialean ikertzailea.
Moderatzailea:
● Jon Artano, kazetaritzan trebatua eta gizarte nahiz ingurumen gaien dibulgazioan aritua.
Lekua: Kultur Etxeko aretoa
Ordua: 18:30
Apirilaren 28an, Azpeitian
Industria handien itxierak eragin zuzena izan du Azpeitiko berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketetan. Aurreko hamarkadarekin alderatuta, behera egin dute. Gaur egun, garraio-sektorea da isurle nagusia (%56). Hala ere, neutraltasun klimatikoa lortzeko, hamarkada honetan isurpenak %40 eta %45 artean murriztu beharko lirateke. Horretarako, ahaleginak alor askotan egin beharko dira. Gaur egun, energia berriztagarrien bidez udalerriko kontsumo energetiko osoaren %0,69 estaltzen da.
Gaia: Zer energia-eredu nahi du Azpeitiak?
Hizlariak:
● Markel Peñalba, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Ikerbasque irakaslea, energia berriztagarrien arloko ikertzailea.
● Alazne Arruti Bengoetxea, Sorkuntza taldeko ingeniaria Goiener taldean.
Moderatzailea:
● Oihana Elduaien, Berriako kazetaria.
Lekua: Basazabal jauregia.
Ordua: 18:30
Hurrengo urratsak
Hitzaldi-zikloa amaitu ondoren, herriz herri lan-saio parte-hartzaileak antolatuko dira. Saio horietan, eskualdeko eta herrietako egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko aukera izango dute herritarrek.
Ekimen honen bidez, eskualdeko eragileek elkarlanean jardun nahi dute, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea uztartzen dituen ikuspegi partekatua eraikitzeko.
Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte hitzaldi hauetan parte hartzera. Izan ere, elkarrizketa irekia eta askotariko ikuspegiak uztartzea ezinbestekoa da etorkizun jasangarriago eta bidezkoago bat eraikitzeko.
“Urola Erdia Ispiluaren Aurrean” kanpainaren antolatzaileak honako hauek dira: Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako, Aizarnazabalgo eta Errezilgo udalak, Iraurgi Berritzen garapen- eta berrikuntza-agentzia eta Laien.
