- Azpiegiturak
Odria auzoko sarbidea eta Antzibarrena eremua konpontzen hasiko dira bihar
2025/11/26Azpeitiko zenbait kale asfaltatzeko lanak esleituta ditu udalak. Bihar hasiko ditu horietako bi: Enparangain inguruan, Odria auzoko sarbidea konponduko du, eta eremu horretako seinaleztapena ere hobetuko du; herrigunetik kanpo, Antzibarrena eremuko errepidea konponduko du. Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu lanak.
Lanei bihar ekingo dieten arren, asfaltatzen astelehenean hasiko dira. Asfaltatu bitartean, errepidea itxita egongo da. Antzibarrena inguruan ez da aurreikusten aparteko eragozpenik, baina Odria auzoko bizilagunek kontuan izan beharko dute ez dutela pasatzerik izango.
Aurrera begira, Sanjuandegi auzoko zenbait zati eta Esklabetatik igerilekura doan zubia konpontzeko lanak ere esleituta daude; baita zenbait baserribide konpontzeko lanak ere.
