Machine translation

Ohiko egitarauarekin baina zenbait aldaketarekin dator Baserritarren Eguna

2026/07/15
23 sagardordilek hartuko dute parte 52. Sagardo Txapelketan eta 22 gaztandegik 26. Ardi Gazta Txapelketan. Blonda txapelketarik ez da izango aurten, baina bai animalien erakusketa.
Ohiko egitarauarekin baina zenbait aldaketarekin dator Baserritarren Eguna

Saninazio jaien atariko, indar handia dute santioek ere Azpeitian. Astebete pasatxo falta da uztailaren 25erako, eta atzo eman zituzten aurtengo egitarauari buruzko xehetasunak Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak eta Xebastian Lizaso Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideak.

Odriozolak azaldu zuenez, jende asko erakarri ohi du Baserritarren Egunak edo Santio egunak, eta oso “errotuta” dagoen egitaraua izan ohi du. “Aurten, aldaketa nagusi bat daukagu: blonda txapelketa tokatzen zen, baina dermatosi nodularrari aurre egiteko Jaurlaritzak ezarrita dituen neurrien eraginez, ukuilu ezberdinetako ganaduak ezin dira nahastu, eta ez dugu lehiaketa egiterik izango”. Hala ere, animaliek izango dute presentzia aurten ere: herriko ukuilu bateko behiez gain, astoak, behorrak, ardiak, ahuntzak eta txakurrak egongo dira Astotegian.

Eguerdi partean, 52. Sagardo Txapelketak eta 26. Ardi Gazta Txapelketak hartuko dute protagonismoa. Iaz bezala, 23 sagardo ekoizle etorriko dira Azpeitira, iazko berberak. Sagardogileen artean, itxaron zerrenda dago Azpeitira etortzeko, baina Xebastian Lizaso Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideak azaldu zuenez, plazako arkupeetako espazioak baldintzatzen du parte hartzaile kopurua. “Norbaitek huts egiten ez duen bitartean, ezin dugu berririk sartu”.

Añota, herrikoa delako, eta aurreko urteko irabazlea udaletxe azpiko arkupean izaten dira, eta gainerakoen artean zozketa egiten dute lekua zehazteko. Sagardogile bakoitzak hamabi sagardo kaxa ekartzen ditu Azpeitira: hamaika herritarrek dastatzeko eta bestea epaimahaiak baloratzeko. Araudiaren arabera, txapelketarako aurkeztutako sagardoak eta dastatzekoak berdina izan behar dute.

Kopatik edateko gonbidapena

Sagardogileen Elkartearentzat eta Euskal Sagardoa jatorri deiturarentzat herri “garrantzitsua” dela Azpeitia esan zuen Olatz Mitxelenak. “Daukan sagardo kulturagatik eta kontsumoagatik, ez dira sagardoarentzat halako oasi asko geratzen”. Horrez gain, pozgarritzat jo zuen aurten bi kide gehitu izana Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkartera.  

Elkarte horretan, lau kide egon izan dira azken boladan: Lizaso bera, Iker Garate, Joxe Ibarreta eta Bixente Unanue. Bi kide berri gehitu zaizkie aurtengoan: Dani Garcia eta Arkaitz Lazaro. “Poza ematen dit erreleboa egoteak eta jendeak ilusioa izateak sagardo eguna aurrera ateratzeko”. Era berean, sagardoa kopatik edateko proba egitera ere animatu zuen jendea Mitxelenak. Aukeran egongo dira baso nahiz kopa, bost euroan.

26. Ardi Gazta Txapelketan, berriz, 22 gaztandegik parte hartuko dute. Horrez gain, herriko hiru ekoizlek (Premietxeberri, Berastegi eta Elosiaga) postuak jarriko dituzte gazta pintxoekin. Era berean, euskal okela eta hegaluze pintxoak dastatzeko aukera ere izango da plazan.

Egun osoko egitaraua

Egun osoan zehar hainbat jarduera izango dira Baserritarren Eguna girotzeko. Cesar Valverde pilota finalak izango dira goizean, Ilunpe elkarteak antolatuta, eta 11:00ak bueltan, Napar Zuzterrak elkarteak Nafartasunari gorazarre egingo dio.

Sagardo lehiaketak irauten duen bitartean bertso saioa izango da kioskoan, eta trikitilariak ere bai. Horrez gain, kantujira saioa egingo dute Kantujira taldekoek, Hazparneko kideek eta Marea Arroxakoek.

Arratsaldean, errekortari txapelketa izango da, eta Sardina freskue emanaldia umeentzat. Aurtengo beste berrikuntzetako bat pala partidena da. Profesionalen arteko partidak izango dira, Basque Motion Elkarteak antolatuta. Eta larunbata denez, eguna pixka bat luzatzeko, Zatekeen taldearen erromeria izango da 22:00etatik aurrera.

Saninazioen aurkezpena datorren astean egingo du udalak.