Omenaldi kutsuz dator Udako Musika Printzak zikloa
2026/07/09
Udako Musika Printzak zikloaren seigarren edizioa ere hemen da. Azken urteotan bezala, hiru kontzertuko egitarauarekin dator, eta bihar, uztailak 10, izango da horietatik lehena.
Aurtengo ekitaldiaren xehetasunak atzo egindako aurkezpenean eman zituzten Ignacio Arakistain zikloaren sustatzaile eta musikariak, Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak, aurtengo edizioan parte hartuko duten Garazi Navas musikariak eta Maite Lopez Las Heras idazleak eta Juanjo Olaizola Burnibidearen Euskal Museoko zuzendariak.
Udako Musika Printzak zikloak herriko txoko desberdinak aukeratu ohi ditu agertoki gisa. Aurten, Burnibidearen Euskal Museoan izango dira hiru kontzertuetatik bi, omenaldi bat egin nahi baitzaio duela mende bat martxan jarritako Urolako trenari. “Aspalditik izan dut Urolako trenari omenaldi bat egiteko eta gure zirkuitu berezi horren parte izateko gogoa”, azaldu zuen Arakistainek. Sarasuak, berriz, nabarmendu zuen “egonkortuta” dagoen zikloa dela Udako Musika Printza, eta urtez urte “koska bat gora egiteko eta berrikuntzak gehitzeko” egiten duen ahalegina eskertu zuen.
Burnibidearen Euskal Museoan bertan hasiko da zikloa, bihar, uztailaren 10ean, Zinema mutua musikatuz izenburupean. “Diziplina berri bat gehituko diogu egitarauari”, azaldu zuen Arakistainek, zinema mutuari erreferentzia eginez. Javier Perez de Azpeitia piano-jotzaileak hiru film labur musikaz lagunduko ditu zuzenean.
Bigarren kontzertua gaur zortzi izango da, uztailaren 16an (osteguna), Olazko ermitan. Aurrez ere iritsi izan da hara Udako Musika Printzak , eta sortutako giro bereziak bultzatuta errepikatuko dute agertokia. Kontzertu lirikoa izango da, eta Aitor Garitano tenorrak eta Ignacio Arakistainek berak euskal konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.
Bereziena, azkena
Aurtengo kontzerturik bereziena azkena izango da, uztailaren 17koa (ostirala). Kontzertu ibiltaria egingo dute, Urolako trenean. Geltokian elkartuko dira, eta bertan egingo dute lehen saioa Garazi Navas musikariak eta Maite Lopez las Heras idazteak. Ondoren, Urolako trenera igoko dira Lasaoraino joateko. Han beste emanaldi bat eskainiko dute, eta treneko bidean ere musika eta literatura izango dira protagonista. 70 minutu inguruko bidaia izango da. "Proiektu zoro eta ederra” izango dela esan zuen atzoko aurkezpenean Lopez las Herasek; Navasek, berriz, bagoiz bagoi esperientzia ezberdina izango dela kontatu zuen.
Kontzertu guztiak 21:00etan hasiko dira. Horri lotuta, Urolako trena normalean ez dela gauez ibiltzen azaldu zuen Olaizolak, eta horrek ere egingo duela berezi uztailaren 17ko emanaldia. Lehenengo bi emanaldiak doakoak izango dira, eta treneko kontzertu ibiltarirako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira Kulturazen webgunean.
