Otsailaren 21etik aurrera, igerileku txikia erreserbatu egin beharko da asteburu eta jaiegunetan
2026/02/12Orain arte erreserbarik gabe funtzionatu du, eta momentu askotan, aforoa gainditu egin da. Horrek erabiltzaileen segurtasunean eta zerbitzuaren kalitatean eragina du. Egoera hori saihesteko, eta igerileku txikiaren ezaugarriak zein indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, erreserba sistema ezartzea erabaki da.
Otsailaren 21eko asteburuan hasiko da igerileku txikiko erreserba sistema. Astebete lehenagotik hartu ahal izango dira txanda; hau da, otsailaren 21eko astebururako, bihartik aurrera egin ahal izango da erreserba.
Aste barruko egunei dagokienez, gogorarazi nahi da igerileku txikia ikastaroetarako erabiltzen dela nagusiki. Hori dela eta, ikastaroak dauden bitartean ezingo da erabilera librerik egin. Gainontzeko tarteetan, igerilekuaren aforoa kontrolatuko da, baina erreserbarik gabe. Antolaketa horren inguruko informazio zehatza igerilekuko harreran egongo da eskuragarri erabiltzaileentzat.
Erreserba egiteko moduak
- Igerilekuko abonatuek lehentasuna izango dute, eta erreserba online, telefonoz edo harreran egin ahal izango dute astebete lehenagotik.
- Erreserbak online egiteko: erreserbak.azpeitia.eus
- Abonatu ez direnek eguneko sarrera edo hamarreko bonua erosita erabili ahal izango dute zerbitzua. Momentuan bertan erreserbatu ahal izango dute harreran, betiere plaza librerik badago.
Txandak eta aforoa
- 45 minutuko txandak ezarriko dira.
- Txanda bakoitzean gehienez 13 pertsona onartuko dira.
Antolaketa irizpideak
- Abonu familiarretan, heldu orok egin dezake familiako kide guztien izenean erreserba.
- 3 urtetik beherako haurrak gehitu ahal izango dira, bazkide zenbakirik izan ez arren.
- Abonu bakoitzak erreserba bakarra izan dezake egun bakoitzean.
- Txanda amaitu ondoren jarraitu nahi bada eta lekua badago, luzapena momentuan egin ahal izango da, sorosleari jakinarazita.
- Erreserbak bi ordu lehenagora arte ezeztatu ahal izango dira, telefonoz edo harreran.
- Erreserbak bertan behera utzi gabe behin eta berriz huts egiten bada, aldi baterako erreserbatzeko aukera blokeatu ahal izango da.
- Txandak beteta badaude, telefonoz itxaron zerrendan sartzeko aukera egongo da.
