Machine translation

Pilota jaialdiak ez du hutsik egingo aurten ere San Inazio egunean

2026/07/28
Esku pilota partidak izaten dira San Inazio eguneko hitzorduetako bat. Profesionalen arteko bi partida izango dira ikusgai Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 21:15ean hasita, Ilunpe pilota elkarteak antolatuta.
Pilota jaialdiak ez du hutsik egingo aurten ere San Inazio egunean

Lehen norgehiagokan, Azpeitiko bi pilotari izango dira aurrez aurre: Julen Egiguren Egiguren V.a eta Unai Alberdi Alberdi II.a. Bi pilotariek eta Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak elkarrekin aurkeztu zuten jaialdia, atzo, Izarraitz pilotalekuan.

Egigurenek Ruben Salaverri II.a izango du bikotekide, eta Alberdik, berriz, azken orduko aldaketa baten ondorioz, Aitor Aranguren izango du lagun; hasiera batean Ekain Lizeagarekin aritzekoa zen.

Bigarren partidan ere maila handiko pilotariak ariko dira lehian. Alde batean, Unai Laso eta Martxel Iztueta izango dira; bestean, Javier Zabala eta Jose Javier Zabaleta.

Sarrerak dagoeneko salgai daude entradasfronton.com atarian. Uztailaren 31n bertan ere eskuratu ahal izango dira Izarraitz pilotalekuko leihatilan, partidak hasi baino ordubete lehenagotik.