Machine translation

Txakolinak hartuko du Perez Arregi plaza larunbatean

2024/06/11
Txakolinak hartuko du Perez Arregi plaza larunbatean

 

Ekaineko agendaren barruan, bere tokia egitea eta sona hartzea duen ekitaldietako bat da Getariako Txakolinaren Eguna. Zazpigarren aldiz antolatuko dute aurten, eta larunbat honetan (ekainak 15) izango da. Perez Arregi plazan jarriko dituzte postuak, eta 12:30etik 14:30era bitartean egongo da txakolina dastatzeko aukera.

“Plazatik aparte, herriko beste txoko bat hartzen duen festa da. Bertako produktuek ere izaten dute tokia, eta musikaren laguntzaren, giro oso polita sortzen da. Herritar askorentzat urteroko ohitura bihurtu da Txakolinaren Egunera joatea”, esan du Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak.

Bost euroan, bost txakolin aukeran

Hain zuzen ere, Getariako Txakolina jatorri izeneko zortzi upategitako txakolina izango dute aukeran herritarrek. Horrez gain, Eusko Labeldun oilasko pintxoak eta herriko bi gaztagileren (Berastegi eta Premietxeberri) gazta pintxoak egongo dira salgai. Giroa alaitzeaz, berriz, Bankako Menditarrak taldea arduratuko da.

Prezioak aurreko urteko berberak izango dira: 5 euroren truke, kopa eta bost txakolin probatzeko aukera egongo da; pintxoak, berriz, 2 euroan egongo dira. Herriko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratu dira pintxoak banatzeaz.