Machine translation

Uda gerturatzen ari den honetan, udalekuetako eskaintza prest

2026/05/06
Azken txanpan sartuta dago aurtengo ikasturtea, eta horrek esan nahi du udako oporrak ere gero eta gertuago daudela. Hori horrela izanda, Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak dagoeneko prest dauka udalekuetako eskaintza. Izena maiatzaren 20ra bitartean eman ahal izango da online edo aurrez aurre. Udalekuak ekainaren 22an (astelehena) hasiko dituzte, eta uztailaren 24a (ostirala) izango da azken eguna.
Uda gerturatzen ari den honetan, udalekuetako eskaintza prest

Zazpi programa egongo dira aukeran 2 eta 18 urte bitarteko haurrentzat eta gazteentzat: Txipristinak (HH2), Udan Txiki (HH3), Udan Koxkor (HH4-HH5), Udan Jolas (LH1-LH2), Udan Mugi (LH3-LH4), Udan Alai (LH5-LH6) eta Udabentura (DBH eta batxilergoa). Adin bakoitzari dagokion programaren arabera, programa osorako, txanda zehatzen baterako, aste bakar baterako, edo, Udabenturaren kasuan, ekintza solteetarako eman ahal izango da izena.

Izena emateko, online erako galdetegia dago eskuragarri. Maiatzaren 20a izango da izena emateko azken eguna.

Izen ematea aurrez aurre egitea nahiago dutenentzat ere izango da aukera, bi modutan: Goiko kale 12an dagoen Gaztelekuaren Gazteria bulegoan (astelehenetik ostiralera, 09:30etik 19:00etara) edo Plaza Txikian dagoen Gazte Informazio Bulegoan (astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara). Udalekuei lotutako informazioaren berri emateko, Telegram kanala erabiliko da.

Izena ematen denean egin behar da ordainketa, eta ordainagiria izen-emate galdetegian atxiki edo gazteria@azpeitia.eus helbidera bidali behar da. Programa bakoitzak bere prezioa du, eta lotura honetan kontsulta daitezke prezioen taula eta ordainketa egiteko kontuko zenbakia. Familia ugariek %30eko beherapena izango dute.

Gozamenerako eta dibertsiorako aukera emateaz gain, hainbat balio lantzen dituzte udal udalekuetan

Gozamenerako eta dibertsiorako esparru ludikoa eskaintzeaz gain, udalekuen atzean lanketa handia egon ohi da. Egiten diren jardueren bidez, haur eta gaztetxoen autonomia indartzea, elkarrekin bizitzen eta lankidetzan aritzen ikastea eta bakoitzak bere interesetatik parte hartzea sustatzen da. Aldi berean, euskararen erabilera bultzatzea, familien kontziliazioa erraztea eta herriko bizitzako parte-hartzea sustatzea ere badaude egitasmoaren oinarrian, eta, horretarako, tokiko eragileekin elkarlanean aritzeko ahalegina egiten da.

Zaintza zerbitzua

10:00etan hasi ohi dira udalekuetako jarduerak, eta ordutegi horren aurretik, haurrentzako zaintza zerbitzua ere eskainiko du Gazteria Sailak beste urte batez. Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan elkartuko dira HH2ko haurrak, 08:30etik 10:00etara bitartean. HH2tik gorako haurren zaintza zerbitzua, berriz, San Martin egoitza ondoko lokalean eskainiko dute (Izarraizpe ikastolaren batxilergoko eraikina), ordutegi berean. Zerbitzu horrek 20 euroko kostua izango du asteko. Urrestillako eta Nuarbeko haurrek Azpeitira joan-etorria egin dezaten, berriz, autobus zerbitzua eskainiko dute.

Begiraleentzako izen-ematea

Haurrentzat eta gaztetxoentzat udalekuetan izena emateko epea zabalik dagoen moduan, horien begirale izango direnentzat ere irekita du Jauzika Heziketa Elkarteak. Maiatzaren 17ra arteko epea izango dute horretarako. Hain justu, aisialdiko begiraleak eta heziketa berezian adituak behar ditu. Aurten, berrikuntza moduan, bi  galdetegi egongo dira aukeran: bat begiraleentzat eta bestea udaleku ibiltarietan azpiegitura arduradun izan nahi dutenentzat.