Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Haur eta gazteak

Udal Gazteria zerbitzuak, bueltan

2025/09/18
Herriko haur, nerabe eta gazteen beharrei, nahiei, arazoei, kezkei eta abar erantzuteko sortutako saila da Gazteria Saila. Haren lanaren oinarria heziketa da; lan eremua, berriz, aisialdia. Haur, nerabe eta gazteentzat bideratutako ekipamenduak erabiltzen ditu haurren, nerabeen eta gazteen heziketa prozesuetan bidelagun izateko. Horretarako, aisialdi hezitzailean adituak diren hezitzaileez osatutako lantaldea du.
Udal Gazteria zerbitzuak, bueltan

Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak HH5 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzuak dira; Gaztelekua, berriz, DBH1 eta Batxilergo2 bitarteko nerabeei zuzendutakoa. Datozen egunetan hasiko da haurren zein nerabeen izen ematea.

Ludoteketan, irailaren 22tik 26ra arte, biak barne, izango da. Egunero, arratsaldez, ludoteketan egongo dira hezitzaileak, 15:30etik 19:00etara. Hala ere, goizez ere izena eman ahal izango da: Iturritxiki ludotekan, astearte eta ostegun goizean, 10:00etatik 12:00etara; Txiki Txoko Ludotekan, aldiz, asteazken eta ostiralean egongo dira goizez, ordutegi berean. Ikasturtean zehar umeak joango diren ludotekan eman behar da izena, eta urteko kuota ordaindu beharko da (25€). Bestelako zalantza eta azalpenak bertan emango dituzte hezitzaileek.

Gaztelekuan, berriz, irailaren 24tik 26ra irekiko dute erabiltzaile izateko izen-emate epea. Han ere goiz eta arratsaldez eman ahal izango da izena: arratsaldez, hiru egunetan, 15:30etik 19:00etara; goizez, berriz, irailaren 25ean, ostegunean, 09:30etik 13:30era. Gaztelekuko erabiltzaile izateko ez da kuotarik ordaindu behar, baina bertako erabiltzaile izatea nahi duten DBH1eko zein erabiltzaile berri izango diren nerabeen gurasoek nahitaez bertaratu beharko dute izena ematera.

Zerbitzuen irekiera irailaren 29an izango da ludoteketan, eta irailaren 30ean Gaztelekuan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono hauetara:

  • Gazteria: 943 15 71 61
  • Gazte Informazio Bulegoa: 943 15 71 60