- Udala
Udalak azaroaren 5ean hasiko ditu aurrekontuak prestatzeko auzoz auzoko bilerak
2025/10/23
Aurrekontuak dira udalaren norabidea markatzen duten tresna nagusia. Aurrekontuen bidez erabakitzen da zer proiektu egingo diren, zer zerbitzu indartuko diren eta zein arlotan inbertituko den. Horregatik, datorren urterako aurrekontuak prestatzen hasteko garaia iritsi den honetan, Azpeitiko Udalarentzat oso garrantzitsua da herritarrek zer lehentasun dituzten jakitea.
11 auzo bilera antolatu ditu: Aratz Errekan, Loiolan, Urrestillan, Matxinbentan, Nuarben, Lasaon, Oñatzen, Elosiagan, Landetan, Sanjuandegin eta Alde Zaharrean. Bilera horietan, azken urtean auzoan egindako lanen berri ere eman ohi dute zinegotziek, eta bestelako gai, kezka edo kontuez hitz egiteko aukera ere egoten da.
Herriko zenbait puntutan, postontziak
Horrez gain, herritar guztiek jasoko dute etxean aurrekontu parte-hartzaileen esku-orria. Herriko sei puntutan jarriko diren postontzien bidez egin daitezke ekarpenak (udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan). Postontzi horiek azaroaren 21era arte egongo dira.
Nahiago izanez gero, posta elektroniko bidez idazteko aukera ere egongo da, helbide honen bidez: https://www.azpeitia.eus/kontaktua
Ahalik eta zerbitzu onenak helburu
Ahalik eta zerbitzu publiko onenak eskaintzea da helburua, eta, horretarako, udalaren ustez, behar-beharrezkoa da herritarrek zer premia eta lehentasun dituzten jakitea. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditu aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan ekarpenak egitera.
Bileren datak:
- · Azaroak 5. Alde Zaharra. Basazabalen.
- · Azaroak 5. Oñatz. Elizako lokalean.
- · Azaroak 5 Lasao. Auzo lokalean.
- · Azaroak 6. Loiola. Loiolako elkartean.
- · Azaroak 6. Sanjuandegi. Baigera tabernan.
- · Azaroak 10. Aratz Erreka. Auzoko tabernan.
- · Azaroak 11. Elosiaga. Añota sagardotegian.
- · Azaroak 11. Urrestilla. Jubilatuen lokalean.
- · Azaroak 12. Matxinbenta. Taberna gaineko lokalean.
- · Azaroak 12. Nuarbe. Auzo lokalean.
- · Azaroak 13. Landeta. Kiroldegian.
Bilera guztiak 19:00etan izango dira.
