Udalaren gaitzespena haur pornografiari lotuta herrian izan den atxiloketaren aurrean
2026/05/21
Haurren kontrako sexu-indarkeria indarkeria matxistaren aurpegi gogorrenetakoa da, eta maiz isilean gelditzen da; beraz, Azpeitiko Udalari bereziki garrantzitsua iruditzen zaio haur eta nerabeen kontrako sexu eraso oro ikuspegi feminista baten baitan kokatzea. Hori dela eta, ozen adierazi nahi du herri honek ez duela inolako haurren kontrako indarkeriarik onartzen, eta bide horretan lanean jarrituko duela, bereziki, haurren aurkako sexu-erasoak prebenitzeko.
Halako kasuak errotuta daude gure inguruan, eta sarri horrek zailtzen du detekzioa eta erantzuna. Oso gogorra egiten zaigu gure inguru hurbileko norbaitek halakorik egin dezakeenik pentsatzea, baina ezinbestekoa da ohartzea indarkeria matxistak modu eta forma asko dituela eta arazo estrukturala dela; horregatik, herriko esparru eta gune guztietan lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte.
Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du, berdintasunaren oinarriak eta haurren babesa auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Hori dela eta, sexu-indarkeriaren aurkako prebentzio, sentsibilizazio, identifikazio eta erreparazioan lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu.
Ildo horretan, haurren kontrako sexu indarkeriak salatu ahal izateko, posta elektroniko bat du udalak herritarren eskura: testigantza@azpeitia.eus Horrez gain, erasoren baten aurrean, honako telefonoetara ere dei dezakete herritarrek:
- Gizarte Zerbitzuak: 943157192
- Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13
- Emakumeen Txokoa: 688751000
- Ertzaintza: 112
