Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Haur eta gazteak

Udaleku eder batzuen ostean, irailean itzuliko dira Gazteriako zerbitzuak

2025/07/24
Udal udaleku irekiek, gaur, uztailak 24, izan dute azken eguna, eta balorazioa egiteko ordua iritsi da. Herriko haur eta nerabeek, bost astez, bertako zein kanpoko txokoetan ibiltzeko aukera izan dute, eta, Gazteria Sailak, oro har, oso positiboki baloratu ditu aurtengo udalekuak.
Udaleku eder batzuen ostean, irailean itzuliko dira Gazteriako zerbitzuak

Aipagarria izan da nerabeei zuzendutako ekintzetan izan den parte-hartze handia. Hala ere, adin tarte guztiak kontuan izanda, gero eta haur eta nerabe gehiago animatzen dira udal udaleku irekietara. “Hori guretzat oso pozgarria da, egindako lanaren emaitza baita”, esan dute Gazteria Saileko kideek.

Aurten, herriko elkarteekin elkarlanean antolatu dira hainbat ekintza, hala nola Elikagunearekin, Sokaitz eskalada taldearekin... Ekoetxean eta Azpeitiko Udal Liburutegian ere ibili dira gaztetxoak. Hala, ekintza ugari egiteko aukera izateaz gain, egunerokoan egiten ez dituzten gauzak probatzeko aukera ere izan dute parte hartzaileek.

Gazteria Sailak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaileei, begiraleei, herriko elkarteei eta era batera edo bestera parte hartu duten herritar guztiei. “Zuek gabe ezinezkoa izango zen udal udaleku irekiak aurrera eramatea. Orain oporrak hartuko ditugu eta irailean indarberrituta itzuliko gara udal gazteria zerbitzuetara. Ondo pasatu uda!”.