- Haur eta gazteak
- Hezkuntza
Ume txikiekin goxo egoteko beste aukera bat
2025/11/06
“Parkeak izaten dira haurren eta haien zaintzaileen topaleku nagusia. Ume txiki-txikiak dituzten gurasoen aldetik, ordea, bazegoen barruko espazio bat egokitzeko eskaera, batik bat neguari begira, eta eskaera horri erantzungo diogu goizetan Iturritxiki ludoteka irekita”, esan du Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak.
10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, datorren astelehenetik hasita (azaroak 10). Goizetan, ez da langilerik egoten espazio horretan; beraz, joan nahi dutenek Udaltzaingoan hartu beharko dute giltza, eta han utzi. Erabilera baldintzei dagokienez, espazioaren erabilera neurtzeko, sarrerako erregistro orria beteko da; barruan ezingo da jan; eta aurkitu bezala utzi beharko da eremua.
Familia Txokoa eta Urrestillako haur zerbitzua
Asteburuetan eta jaiegunetan kiroldegiko Familia Txokoak eskaintzen duen zerbitzuaren osagarri izango da Iturritxikin astegun goizetan eskainiko dena. “Kiroldegiko Familia Txokoaren balorazio oso ona egiten dugu. Herritarrek asko eskertu dute halako espazio bat egokitu izana, eta erabilera handia du; astegunetarako ere antzeko baliabide bat jarri nahi izan dugu; kasu honetan, txikienentzat bakarrik, 2-3 urtetik aurrerakoak eskolan egon ohi direlako astegun goizetan”.
Hain zuzen, Azpeitiko Udalak 2022ko abenduan egokitu zuen jolaserako gunea kiroldegian. Larunbatetan eta igandeetan, 11:00etatik 19:00etara egoten da irekita, eta jaiegunetan, 11:00etatik 12:30era. Kiroldegiko bazkide direnek doan izaten dute sarrera, eta gainerakoek 2 euro ordaindu behar izaten dituzte. 0-6 urte arteko umeentzat da, baina anai-arreba zaharragoek ere izaten dute joateko aukera, betiere heldu baten ardurapean.
Urrestillako haur zerbitzua ere 0-6 urte bitarteko haurrentzat da. Azarotik aurrera, 10:00etatik 20:00etara irekiko da. Zerbitzua erabiltzeko, udaleko Gazteria Sailean izena eman behar da aurrez.
Haurren txoko guztiak jolaserako eremuak dira, eta jolaserako hainbat materialez hornituta daude; alabaina, ez da hezitzailerik egoten, eta haurrek uneoro heldu baten ardurapean egon behar dute.
